Herribusa San Martinera igoko da astelehenetik aurrera

2017/02/08
Card image cap
A linearen ibilbidean, txandaka hurbilduko da Elkar Hezi-Eroski eta San Martin geltokietara

  Herribus zerbitzua martxan jarri zenetik, hainbat eskaera izan dira San Martin auzora iritsi zedin. Gaia hausnartu ondoren eta aurre-ikusitako denbora mugak betetzen jarraitzeko, A lineak txandaka egingo ditu Elkar Hezi-Eroski eta San Martin geltokiak. Hau da, ordu batean Elkar Hezi-Eroski geltokira joango da, orain arte bezala, eta hurrengo orduan San Martingo geltokira, txandaka. Hala, astelehenetik ostiralera zazpina zerbitzu joango dira geltoki bakoitzera eta larunbatetan, hiru San Martina eta bi Elkar Hezi Eroskira. Herribusa Elkar Hezi-Eroskira igoko ez den orduetan, Arantzazuko Ama kaleko biribilgunearen inguruan geldituko da, erabiltzaileak ikastetxe edota dendara hurbiltzeko.

  Bi geltoki hauek txandaka egitearen arrazoia denbora da esan bezala, Herribusak 30 minututan biak egitea ezin baita ziurtatu. A lineako beste geltokietako ordutegia orain arte bezala mantenduko da. Astelehenean indarrean sartuko den ibilbide aldaketak A lineari soilik eragingo dio. Ugarkalde-Anbulategia- Kasablanka-Errekalde ibilbidea osatzen duen B linean ez da aldaketarik egingo, hau da, ez da San Martinera igoko. Honetan ere, denbora da arrazoia. Autobusak ibilbide luzeagoa egin beharko bailuke norabide aldaketa gauzatzeko. Aste honetan bertan markatuko da San Martingo geltoki berria, egoitzatik gora dauden lehenengo eraikinen parean, gutxi gora behera. Herribusaren A linearen ibilbide eta ordutegi berria astelehenean, hilaren 13an jarriko da indarrean.

  Herribusa zerbitzuak, froga gisa zehaztu zen hiru hilabeteko epea bete du. Helburua erdigunetik urrutien dauden auzoetako herritarrei alternatiba jasangarria eskaintzea da, herriko zerbitzu eta ikastetxeetara hurbildu ahal izateko. Froga hilabete hauetan, hainbat herritarren egunoroko bizitzan erabilgarri den zerbitzua dela ikusi dute udal arduradunek. Hala, froga pilotua oso positiboa izan dela adierazi du Mugikortasuneko arduradun Irati Etxeberriak. Hasieratik erabilerak goranzko joera azaldu eta halaxe mantentzen dela esan du. Datu batzuk ere eman ditu: bidaiari gehienek bonoa erabiltzen dute eta asko haurrak dira. Gogoratu behar da, gaur egun, 10 urtera arteko haurrek doan erabil dezaketela Herribusa.

  A linean, aipatu aldaketak eginda, zerbitzuak jarraipena izango du. Epe erdi-luzera zerbitzuaren lizitazioa egiteko, oinarriak prestatzen hasi dira udal arduradunak.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!