Herribusa Mugi txartelaz ordaindu ahal izango da bihartik aurrera

2021/06/30
Card image cap
Hilabeteko epea emango da orain arteko bonoak erabiltzeko

  Herribusa Mugi sisteman integratu da eta bihar bertan jarriko da martxan. Hau da, Herribuseko bidaiak Mugi txartelaz ordaindu ahal izango dira uztailaren 1etik aurrera. Dena den, bonoak zituztenek uztaila osoa izango dute horiek erabiltzeko.

  Herri barruko nahiz Arantzazuko jaiegunetako zerbitzua betetzen duen Herribusa Mugi sisteman sartuta, txartelak eskaintzen duen tarifa progresiboaz baliatzeko aukera emango zaie bidaiariei. Horretarako orain arteko txartelen prezioa errebisatu eta Garraioaren Lurralde Agintaritzak dituen tarifetara egokitu da. Sistemak hiru tramu aurreikusten ditu eta merkeena hautatu da. Aurrerantzean beraz, Herribusaren bidaia txartel orokorraren prezioa 1,35 euro izango da, baina sistemak eskaintzen dituen hobari eta abantailez baliatu ahal izango da bidaiaria: 6 urtetik beherakoek ez dute ordainduko; 6 eta 25 urte bitarteko gazteek, 65 urtetik gorako adinduek, familia ugariek eta egoera sozio-ekonomiko berezia dutenek hobari sistema berezia izango dute. Gainera, zerbitzuaren erabileraren arabera tarifa merkatzen joango da.

  Mugi sisteman integratzeak hainbat abantaila ere ekarriko dizkio udalari, zerbitzuaren txosten teknikoak osatu eta zerbitzuaren kontrola eramanez, eta Oñatiko Herribusa beste garraio publikoekin koordinatzea erraztuz. Udalak bere aldetik, 2.200 euroko ekarpena egingo dio sistema sostengatzen duen Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzaren Partzuergoari eta % 0,223ko ordezkaritza izango du batzar nagusian. Era berean, Izaro Elorza izango da udaleko ordezkaria.

  Hainbat udaletako barne garraioa dago Mugi sisteman integratuta. Oñatirekin batera, Donostia, Irun, Errenteria, Eibar, Zarautz, Arrasate, Hernani, Lasarte-Oria edota Oiartzungo udalak eta beraien garraio zerbitzu publikoak dira, besteak beste, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintzaritzako bazkide.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!