Herri Eguneko ganadu erakusketa eta lehiaketan parte hartzeko izen-ematea zabalik du Nekazarien elkarteak

Nekazarien elkartea arduratzen da Herri Eguneko goizean izaten diren ganadu eta produktuen erakusketa nahiz lehiaketez. Konplexuena, herriko behi, behor, zaldi eta asto erakusketak eta ardi, ahari eta bildots lehiaketak antolatzea da, animalien garraioa eta erakusketaren aniztasuna bereziki zaindu eta planifikatu behar direlako. Horregatik, parte hartzeko gonbidapen gutunak bidali ziren, interesa dutenei, izena emateko azken eguna irailaren 10a dela jakinaraziz.
Azokara eramango diren abere guztiek identifikatuta egon beharko dute, baita abereen umeek ere, eta hala, animaliak azokara eraman nahi dituztenek identifikazio zenbaki hori jakinarazi behar dute, antolatzaileek baimen eskaerak bete ditzaten Foru Aldundiaren aurrean. Apuntatzen den abere kopuruaren arabera, baliteke mota batzuetako abereen kopurua mugatu behar izatea, erakusketaren aniztasuna bermatze aldera. Animaliak erakusketa gunera eramateko kamioiak zein ordutan izango diren gerora jakinaraziko zaie jabeei. Gainontzeko abere eta produktuak urriaren 4an goizeko 9:000ak aldera aurkeztu beharko dira betiko tokian.
Ganaduaz gain, gazta lehiaketa eta herri mailako fruitu eta barazki eta lore eta landare erakusketak ere izan ohi dira Herri Egunean. Horiek egunean aurkeztearekin nahikoa izango dute, ez dute aurrez izenik eman behar, baldin eta, egunean bertan Nekazarien elkartean egingo den bazkarira joateko asmorik ez badute. Herri Egunean parte hartzen dutenentzako bazkaria antolatzen da Nekazarien elkartean, esan bezala, eta joateko interesa dutenek izena eman behar dute elkartean propio jarriko den orrian.
Udalak bere aldetik, 24.200 euroko dirulaguntza onartu zuen azken Osoko Bilkuran, Herri Eguneko nekazal erakusketa eta lehiaketak egin daitezen.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!