Oñatiko udala

Herri Eguneko artisau azokan parte hartzeko izen-ematea zabaldu da gaur

2025/07/01
Card image cap
30 artisaurentzat tokia izango da eta 20 herrikoak izatea da asmoa

  Urriaren 4an ospatuko da aurten Herri Eguna. Unibertsitateko klaustroan egin ohi den artisau azoka osatzeko izen-ematea gaur ireki da. 30 artisaurentzat lekua egingo da eta horietatik 20 herritarrak izatea nahi da. Baina herritarrentzat gordetako postu guztiak beteko ez balira, kanpoko artisauei eskainiko litzaizkieke. Oñatiko nahiz kanpoko artisauei zuzenduta, irekita dago parte hartzeko izen-emate epea, uztailaren 13ra arte. Interesatuek, udalaren web gunean eskuragarri dagoen eskaera-formularioa bete behar dute edo eskaera aurrez aurre aurkeztu, udaletxeko HAZ bulegoan, astelehenetik ostiralera, 7:30etatik 15:30etara.

  Eskaerak baloratzeko hainbat irizpide finkatu dira, azokari aniztasuna emateko; lan eta produktu ezberdinak eta originalak lantzen direla begiratuko da, egindako lanaren kalitatearekin batera, noski. Azokan bertan norbere lanaren erakustaldia egitea, hau da, lanaren burutze-prozesua bertatik bertara ikusi ahal izatea baloratuko da eta baita artisau ziurtagiria izatea ere. Horregatik, izena ematerakoan aurkeztu behar den oinarrizko dokumentazioan, artisau ziurtagiri edo zergen ziurtagiria presentatzea eskatzen da. NANaren fotokopia eta egiten den lanari buruzko azalpen txosten laburra ere aurkeztu behar da.

  Geroz eta gehiago dira artisau lanak egiten dituztenak. Herri egunean unibertsitateko klaustroan jartzen den azoka erakusleiho ona izan ohi da eta, zenbait kasutan, halako lanetan dihardutela azaltzeko lehen agerraldia ere bada, bereziki oñatiarrentzat.

  Uztailaren 13ra arteko epea dago eskaera betetzeko. Erantzuna, uztailaren 23tik aurrera jakinaraziko da.

Iturria: Oñati Irratia

 

 

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!