Oñatiko udala

Herri akusazio gisa aurkeztuko da Udala pasa den apirilaren 17an izan zen sexu erasoaren harira

2026/06/03
Card image cap
Zerbitzu juridikoa kontratatzea eta hainbat egokitze lanen proiektu idazketak aztertuko dira gaur egingo den Tokiko Gobernu Batzarrean

  Udal langileak bihar grebara deituta daudela eta, aurreratu egin da aste honetako Tokiko Gobernu Batzarra, gaur arratsaldean egingo da. 9 puntuko lan zerrendan aipagarria da pasa den apirilaren 17an espazio publikoan izan zen sexu erasoaren harira, Udala herri akusazio gisa aurkezteko proposamena aztertuko dela. Prozesu judizialean Udala ordezkatuko duen zerbitzu juridikoa kontratatzea eztabaidatuko da. Jaietan eraso sexisten arreta eta prebentzio zerbitzua kontratatzea ere proposatuko da arratsaldeko bileran.

  Bestalde, Udalak egin asmo dituen lan ezberdinak ere mahai gainera aterako dira. Hala, Eltzia eraikinean ikasgela bat egokitzeko eta Olaiturrin egokitze lanak egiteko proiektuak idatzi eta obra zuzendaritza eramateko zerbitzuak kontratatzea proposatuko da. Sancti Spiritus unibertsitateko eraberritze lanak atzeratu direla eta, hasieran han egin asmo zen ikageletako bat Eltzian egokitzeari argi berdea eman zitzaion abenduko Osoko Bilkuran, hartarako aurrekontu partida onartuta. Proiektua idatzi eta gerora obra zuzentzeko zerbitzua aztertuko da gaurko bileran. Era berean, Olaiturrin ere egokitze lanak egin nahi ditu Udalak, irisgarritasuna bermatu eta erabilera anitzeko espazio bihurtzeko, jolas jardueretarako ez ezik, kontzertuak eta bestelakoak egin ahal izateko. Baina aurrez proiektua idatzi behar da eta zerbitzu horren kontratazioa aztertuko du gobernu taldeak arratsaldeko bileran.

  Prozesua aurreratuago dago Txiki Txoko haurreskolaren kasuan, kanpoko espazio inklusiboa egokitzeko proiektuaren II. faseko lanak egingo dira bertan eta obra horren kontratazioa da, hain zuzen, gaur eztabaidatuko dena. Hezkuntza kontuekin jarraituz, herriko ikastetxeei zain bertan diharduten guraso elkarteei eman ohi zaizkien udal dirulaguntzez ere arituko dira gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!