Hego Koreako ordezkaritza bat Oñatin izan da, bertako turismo eredua ezagutzen
2023an Oñatik jaso zuen Best Tourism Village izendapenak erakarri du Hego Koreako Jeju eskualdeko ordezkaritza instituzionala gurera. Turismo jasangarri eta arduratsuaren arloan Oñatik duen eredua bertatik bertara ezagutzera hurbildu dira; Euskal Herriko esperientziak ezagutzera etorri dira eta tartean Oñati aukeratu dute, ondare eta kultur balio handiko turismo lekua delako, historia eta usadio askoren gordeleku eta ingurune natural aberatsa duelako.
9 lagunek osatzen duten ordezkaritzari ongi-etorria egin zaie udaletxean goizeko lehen orduan eta, ondoren, herrigune historikoa eta Mikel Goiangeruaren parrokiara bisita gidatua egin dute. Txokolateixa ezagutzeko aukera ere izan dute, Anton Azpiazuk emandako argibideak jarraituz, eta eguerdian Arantzazuko santutegira joan dira. Han ere bisita gidatua egin eta gero, Arrikrutzeko koban amaitu dute Oñatiko egonaldia.
Xabier Igartuak hartu ditu Hego Koreako bisitariak udaletxeko areto nagusian, eta ongi-etorria euskaraz eta koreeraz eman ondoren, ingelesez zuzendu zaie, herriaz, paisaiaz eta gastronomiaz gozatzera gonbidatuz. Oñatiko txokolatea eta txakolina eman die oparitan eta Hego Koreatik ekarritako beste opari batzuk hartu ditu. Gaur gurera etorri den ordezkaritza Hego Koreako Jeju eskualdeko turismo politika eta zerbitzu ezberdinetako arduradunek osatu dute.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!