Hazkunde urtea izan da 2021a Zubillagako hiltegian, ekoizpen, fakturazio eta bezero berriei dagokienean
Zubillaga-Oñati hitegi eta zatitze zerbitzuak emaitza positiboekin itxi du 2021eko jarduna, hazkunde urtea izan da: ekoizpen orokorra eta, ondorioz, fakturazioa handitu dute, eta bezero berriak ere jaso dituzte. Kopurutan jarrita, ekoizpena %13 hazi da eta fakturazioa berriz, %25 handitu da, aurreko urtearekin alderatuta, eta zerbitzua jaso duten ustiategi berriak ere %20 gehiago izan dira.
Guztira 1.101 ustiategiri eman zaie zerbitzua Zubillagako hiltegian. Horietatik 228 Zubillaga elkartea osatzen duten 12 herrietan kokatzen dira. Baina aipagarria da bezero asko lehen aldiz hurbildu direla Zubillagara, nagusiki, Laudioko hiltegia ixtearen ondorioz. Bezero berri gehienak Araba eta Bizkaitik etorri dira. Logistikoki erronka izan da hiltegiarentzat, bezero gehiagori kalitatezko zerbitzua eskaintzeko, baina oro har balantze positiboa egin dute hiltegiko arduradunek.
2021ean izandako hazkunderik handiena behi eta ardi haziendetan izan da, eta honek eragin zuzena izan du zatitze zerbitzuan, guztira, ia 400.000 kg/kanal prestatu baitituzte.
Lan taldearen egonkortze urtea ere izan da amaitu berri dena Zubillagako hiltegian, 25 langileko plantila mantendu baita. Azpimarratzekoa da, langileen baldintzak hobetze aldera, instalazioak berritzen jarraitu dela eta harrera, bulego eta aldagela berriak estreinatu dituztela.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!