Oñatiko udala

HAZILAN+ proiektuaren 4.edizioa martxoaren 2an abiatuko du Mankomunitateak

2026/02/11
Card image cap
Langabe kualifikatuen laneratzea helburua du programak eta parte hartzeko izen-ematea zabalik dago, otsailaren 23ra arte

  Hazilan+ unibertsitate titulazioa edota erdi edo goi mailako lanbide heziketa zikloren bat duten baina lana lortzeko zailtasunak dituzten debagoiendarrei zuzenduta dago eta kolektibo horren laneratzea eta enplegagarritasuna hobetzea da helburua. Lanerako trebetasunak indartzeko prestakuntza eta praktikak eginda, esperientzia profesionalari bultzada emateko aukera eskaintzen du Hazilan+ programak.
Hiru baldintza bete behar dira parte hartzeko: Debagoieneko herriren batean erroldatuta egotea, langabe egotea eta erdi edo goi mailako Lanbide Heziketako ziloa, unibertsitate gradua edo unibertsitate ondokoa amaituta izatea. Programan edozein adineko pertsonek parte hartu dezakete.

  Programak bi fase ditu: AKTIBATU fasean, zeharkako konpetentziak lantzen dira eta parte-hartzaileek lan merkatuan eskatzen diren gaitasun pertsonalak eta profesionalak lortzeko 80 orduko talde tailerra egiten dute. PRAKTIKALDIA fasea dator ondoren, eta norberaren interesetatik abiatutako praktika ordainduak egiten dira eskualdeko enpresetan, parte-hartzaileek benetako lan esperientzia izan dezaten. Praktiken iraupena ezberdina da kasuaren arabera baina 2 eta 9 hilabete artekoa izaten da.

  Debagoieneko Mankomunitateko Garapen Agentziak urtean bi aldiz betetzen du Hazilan+ proiektua eta 2026ko lehena, berez programak gurean beteko duen laugarrena, martxoaren 2an hasiko da. Dagoeneko zabalik dago parte hartzeko izen-ematea, otsailaren 23ra arte. Bi bide daude eskaera orria eta dagokion dokumentazioa aurkezteko: erregistro elektronikoaren bidez mankomunitatearen web ataritik edo aurrez aurre, Debagoieneko Mankomunitatearen Arrasateko egoitzara hurbilduta. Bertan egingo da, hain zuzen ere, Hazilan+ laugarren programa honen aurkezpena, datorren ostegunean, otsailaren 19an, 10:00etan. Bertaratzeko asmoa dutenei izena ematea komenigarria dela jakinarazi da Garapen agentziatik. Telefonoz egin daiteke, 943 79 30 90 zenbakira deituta.

  Hazilan+ egitasmoaren aurreko edizioa hasi zuten 8 lagunetatik 3 praktiketan daude beraien perfileko lanpostuetan, bi pertsonek lana aurkitu dute, bik ikasten jarraitzen dute eta beste batek langabezian jarraitzen du. Ekintza hau Euskadiko 2021-2027 Programa Operatiboaren bidez egingo da eta finantzazioaren %40a Europako Gizarte Funtsak betetzen du.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!