HAZILAN+ proiektuan parte hartzeko izen-ematea luzatu egin du Mankomunitateak, martxoaren 6ra arte
HAZILAN+ unibertsitate titulazioa edota erdi edo goi mailako lanbide heziketa zikloren bat duten, baina ikasitako esparruan lan esperientzia txikia edo batere ez duten, debagoiendarrei zuzenduta dago. Lan gabe egotea da programan parte hartzeko hirugarren baldintza. Programak bi fase ditu: zeharkako konpetentzietan eta laneratzeko tresnak lantzeko prestakuntza-tailerra eta praktikaldia, eskualdeko enpresetan. Partaideen gaitasunak identifikatu eta indartzen laguntzeko tailer teoriko-praktikoak 80 orduko iraupena du eta ondoren, lan esperientzia hartu eta enplegurako sarbidea errazteko, norberaren interesetatik abiatutako praktika ordainduak egiten dira eskualdeko enpresetan 2 eta 9 hilabete bitarteko epealdian.
HAZILAN+ proiektu berria martxoaren 10ean hasiko da baina plaza batzuk libre dauden oraindik eta izen-ematea martxoaren 6ra arte luzatu da. Bi bide daude eskaera orria eta dagokion dokumentazioa aurkezteko: Erregistro elektronikoaren bidez edo aurrez aurre, Debagoieneko Mankomunitatean Arrasateko egoitzara hurbilduta. Informazio gehiago Mankomunitateko web atarian eskuratu daiteke.
Hazilan+ egitasmoa urtean birritan gauzatzen du Debagoieneko Mankomunitateak, Garapen ekonomikorako agentziak koordinatuta eta Europako Gizarte Funtsaren dirulaguntzaz. Egitasmoaren aurreko edizioa hasi zuten 8 lagunetatik 3 praktiketan daude beraien perfileko lanpostuetan, bi pertsonek lana aurkitu dute, bik ikasten jarraitzen dute eta beste batek langabezian jarraitzen du.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!