Oñatiko udala

HAZILAN+ edizio berria bihar aurkeztuko da Mankomunitatean

2025/09/10
Card image cap
Langabe kualifikatuen laneratzea helburua duen programan parte hartzeko izen-ematea zabalik dago, irailaren 19ra arte

  Hazilan+ unibertsitate titulazioa edota erdi edo goi mailako lanbide heziketa zikloren bat duten baina lana lortzeko zailtasunak dituzten debagoiendarrei zuzenduta dago eta kolektibo horren laneratzea eta enplegagarritasuna hobetzea da helburua. Lanerako trebetasunak indartzeko prestakuntza eta praktikak eginda, esperientzia profesionalari bultzada emateko aukera eskaintzen du Hasilan+ programak.
Hiru baldintza bete behar dira parte hartzeko: Debagoieneko herriren batean erroldatuta egotea, langabe egotea eta erdi edo goi mailako Lanbide Heziketako ziloa, unibertsitate gradua edo unibertsitate ondokoa amaituta izatea.

  Programak bi fase ditu: AKTIBATU fasean, zeharkako konpetentziak lantzen dira eta parte-hartzaileek lan merkatuan eskatzen diren gaitasun pertsonalak eta profesionalak lortzeko 80 orduko talde tailerra egiten dute. PRAKTIKALDIA fasea dator ondoren, eta norberaren interesetatik abiatutako praktika ordainduak egiten dira eskualdeko enpresetan, parte-hartzaileek benetako lan esperientzia izan dezaten.

  Debagoieneko Mankomunitateko Garapen Agentziak urtean bi aldiz betetzen du Hazilan+ proiektua eta 2025eko bigarrena, berez programak gurean beteko duen hirugarrena, irailaren 29an hasiko da. Dagoeneko zabalik dago parte hartzeko izen-ematea, hilaren 19ra arte. Bi bide daude eskaera orria eta dagokion dokumentazioa aurkezteko: erregistro elektronikoaren bidez mankomunitatearen web ataritik edo aurrez aurre, Debagoieneko Mankomunitatearen Arrasateko egoitzara hurbilduta. Bertan egingo da, hain zuzen ere, Hazilan+ hirugarren programa honen aurkezpena, bihar goizean, 10:00etan. Bertaratzeko asmoa dutenei izena ematea komenigarria dela jakinarazi da Garapen agentziatik. Telefonoz egin daiteke, 943 793090 zenbakira deituta.

  Hazilan+ egitasmoaren aurreko bi edizioetan 25 lagunek parte hartu zuten Debagoienean eta % 75a lanean ari da. Praktiken fasea guztiz osatzera % 32a iritsi zen, besteek, aurrez lana topatu eta programa utzi zutelako. Ekintza hau Euskadiko 2021-2027 Programa Operatiboaren bidez egingo da eta finantzazioaren %40a Europako Gizarte Funtsak betetzen du.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!