Hautagai bakarra aurkeztu eta onartu da agente lehena plazarako

2021/11/15
Card image cap
Epaimahaia ostiralean eratuko da

  Udalak, berez, udaltzaingoko agente lehen bi plaza bete nahi zituen eta horretarako deialdia egin zuen urtarrila amaieran, EAEko edozein udalerritan udaltzain lehen direnei zuzenduta. Hartarako zehaztu zen epean hautagai bakarra aurkeztu zen. Epaimahaia eratu eta hautaketa prozesua gauzatzeko zailtasunak tarteko, 9 hilabeteko eten bat izan da, baina berriro abiarazi da. Aurkeztutako hautagai bakarra prozesura onartu eta hautaketa prozesua bera baloratuko duen epaimahaia izendatzen duen alkate dekretua argitaratu berri da. Hurrengo urratsa epaimahaia bildu eta azterketa teoriko-praktikoa noiz egin zehaztea izango da. Ostiralean, hilaren 19an egingo da epaimahaia eratzeko lehen batzar hori.

  Agente lehen lanpostu hau lehiaketa berezi sistemaz beteko da. Horrek esanahi du ohiko merituen balorazioa egingo duen lehiaketa fasea izango dela eta hainbat ariketa gainditzea eskatuko duen lehiaketa berezia ere bai. Lehiaketa fasean, besteak beste, lan esperientzia, antzinatasuna, norberaren gradua eta bestelako meritu batzuk baloratuko dira. Lehiaketa berezian, esan bezala, hainbat ariketa gainditu beharko ditu prozesura onartu den hautagaiak, tartean, nortasun proba.

  Oñatiko udalak bete asmo duen agente lehen lanpostu honetara aurkezteko, aktiboan dauden eta zeregin horretan gutxienez bi urte badaramaten EAEko agente lehena izatea eskatu zen. Oinarrizko baldintza horiezaz gain, euskarari dagokionez 3. hizkuntza eskakizuna izatea eta B gida baimena izatea eskatu zen. Lehen eskaintza udal plantillan dauden udaltzainei zuzendu zitzaien baina inor aurkeztu ez zenez, deialdia autonomia erkidegora zabaltzea erabaki zen.

  Une honetan agente lehen kategoria duen udaltzain bakarra dago udal plantillan, udaltzain burua, hain zuzen.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!