Haurren danborradako antolatzaileak hasi dira lanean

2018/05/22
Card image cap
Parte hartu nahi duten neska-mutikoen izen-emate orriak Kultur etxean dagoen kaxan utzi behar dira

  Irailaren 22an izango da aurten haurren danborrada. 2008, 2009 eta 2010ean jaiotako neska mutikoek parte hartu ahal izango dute; nagusienak, 2008koak, dantzari gisa eta 2009an eta 2010ean jaiotakoak berriz, danborradako konpainia ezberdinak osatuz. Dantzarientzat entseguak uztailean eta irailean egingo dira, gainontzekoentzat, irailean.

  Ikastetxeen bitartez banatu zaizkie haurrei parte hartzeko izen-emate orriak. Horiek beteta, Kultur etxeko sarreran jarri den postontzian utzi behar dira. Ekainaren 19a izango da izena emateko azken eguna. Dantzarien kasuan, izena ematen duten denek parte hartu ahal izango dute, ez da zozketarik egingo. Danborradan parte hartzeko izena ematen duenen artean berriz bai. Bakoitzak zein zeregin eta konpainietan parte hartuko duen erabakiko da ekainaren 21ean egingo den zozketan. Zozketa, Eltziako areto nagusian egingo da, 19:00etan eta haurrak bakarrik joatea eskatzen da. Joaterik ezin duten haurrei posta elektronikoz jakinaraziko zaie zozketaren emaitza. Haurren danborradan parte hartzeko izen-emate orrian hiru galdera konkretu ere egiten zaizkie haurrei: zaldian irten nahi duten, gastadore joan nahi duten eta danborrada egunean, goizez, San Martin egoitzara joan nahi duten. Jasotako erantzunak kontutan hartuko dira zozketan baterako eta besterako beharrak betetzeko.

  Haurren danborrada galtzeko zorian egon zen 2015ean. Urteetan antolatzaile lanetan aritu zen taldeak uztea erabaki zuen eta talde berria sortzeko hainbat deialdiren ostean, gazte koadrila batek hartu zuen lekukoa. Danborrada pitinka berritzeko asmoa jarri zuten abian eta  dantzarien konpainia atera zuten lehen aldiz, iaz. aurten ere, dantzarien taldea osatzeko gonbidapena egin diete 2008an jaiotako neska-mutikoei.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!