Oñatiko udala

Haurren danborradak segida izan dezan antolakuntzan parte hartzeko deialdi berria egin da udaleko Kultura departamentutik

2019/06/12
Card image cap
10-12 laguneko taldea osatu behar da

  Maiatza amaieran zabaldu zuen udaleko Kultura departamentuak haurren danborrada koordinatzeaz arduratuko litzatekeen taldea osatzeko deialdia. Orduan eman zen hamar eguneko epea beteta, ez dute nahikoa lagunek izena eman eta bigarren eta azken deialdia egitea erabaki da. Oraingoan, bost eguneko epea eman da interesatuek izena eman dezaten. Baina antolakuntza taldean gutxienez 10-12 pertsona beharko liratekeela zehaztuta. Eta garbi adierazita, aldi berean, bigarren deialdi honen ondoren taldea osatuko ez balitz, haurren danborrada bertan behera geratuko dela.

  Aurreko deialdian zehaztu zen Jose de Azpiazu musika eskola parte hartzeko gertu dagoela entseguak eta musika arloa koordinatzeko, baina antolakuntzaz arduratuko litzatekeen taldeak handiagoa beharko luke. Haur danborradaren antolakuntzan parte hartzeko gertu daudenen izenak hartzeko eman den bost eguneko epe berria astelehenean, ekainaren 17an beteko da. Bitartean, interesa duenak, Kultur etxeko telefono zenbakira deitu dezake: 943.780353 edota mezua, bertako idazkaritzara zuzendu: kultura.idazkaritza@onati.eus helbidera, hain zuzen ere. 

  2015ean antzerako egoera sortu zen, urteetan danborrada antolatzen aritu zen taldeak ardura hori utzi zuenean. Orduan, haurren danborrada bertan behera geratuko zela iragarri ere iragarri zen, bi deialdiren ondoren ez baitzen ardura hori hartzeko gertu legoken talderik azaldu. Baina azken orduan, gazte talde bat animatu zen eta eurak izan dira hiru urtez haurren danborrada aurrera eraman dutenak. Orain ordea, arrazoi ezberdinak tarteko, antolakuntza ardura bertan behera utzi behar dutela jakinarazi diete udal ordezkariei eta ondorioz, une honetan, ez dago haurren danborrada nork prestatu. Horregatik, Kultura departamentutik lan talde berria osatzeko deialdia egin da, dagoeneko bigarrena eta azkena izango dena, zabaldu den oharrean azpimarratzen denez.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!