Haurrei eta migranteei eskaintzen zaizkien zerbitzuak berrantolatu ditu Udalak

2021/07/06
Card image cap
Auzoko jaia Oñatin, 2016an
Txipistin eta Auzoko programak eta ludoteka eta udaleku irekiak zerbitzuak kontratatzeko bi prozedura abiatu ditu

  Udaleko Haur eta Gazteria eta Euskara-Hezkuntza departamentuen ardurak berezituta, haurrei nahiz migranteei eskaintzen zaizkien zerbitzu berrantolatu eta kontratu ezberdinetan esleitzea erabaki da: Txipistin eta Auzoko programak, batetik, eta Txaloka ludoteka eta udaleku irekiak, bestetik. Zerbitzu kontrataziorako prozedurak abian dira eta proposamenak aurkezteko epea uztailaren 12an amaituko da bi kasuetan.

  Bizikidetza eta gizarte kohesioa bermatzeko Oñatira bizitzera datozen migranteei garatu eta gizarteratzeko aukera bermatu eta beharrezko zerbitzuak eskaintzea da Udalaren xede nagusia, migrazioaren fenomenoari modu egokian erantzuteko. Asmo horrekin sortu zen Txipistin jatorri anitzeko oñatiarren programa, 6-16 urte arteko haur eta gaztetxoentzat eta Auzoko, 16 urtetik gorako migranteei zuzenduta. Bi programa hauen helburu nagusia etorkinen integrazioa da.

  Txipistin zerbitzuan haur eta gazteen beharrak asetzeko hainbat helburu lantzen dira: euskara gaitasunean trebatzea, eskola arrakasta bermatzeko laguntza eskaintzea, aisialdiaz era aktiboan, parte hartzailean, sortzailean eta osasungarrian gozatzea eta Oñatiko herritar aktibo bihurtzeko bertako bizi ohituretan, jardueretan, txertatzea beti ere, norberaren jatorri eta ama hizkuntzaren balioa aintzat hartu eta kulturartekotasunaren balioetatik abiatuta. Auzoko programaren azken helburua berriz, gazte eta heldu etorkinak herrian ahalik eta eperik laburrenean integratzea da. Helburu orokor horren azpian beste batzuk ere biltzen dira, hau da, herritarren aukera berdintasuna sustatu, hizkuntza harrera egitasmoaren bitartez, gizartean parte hartu eta lan esparruan txertatzeko aukera zabalagoak izateko; herriko jatorri, kultura eta hizkuntza aniztasuna ikusgarria egin eta horrekiko sentsibilizazio jorratzea protagonistei lehentasuna emanez eta herritarren arteko elkar ezagutzarako espazioa sortu eta denon arteko harremanak eta sinergiak sortzea.

  Txipistin eta Auzoko zerbitzuetako hezitzaileen lan jarduna irailaren 1etik ekainaren 30era izango da, Txipistinen kasuan astean 21 orduko lan jarduna beteaz, eta Auzokoren kasuan,17 orduko lan jarduna. Zerbitzuak taldeka emango dira. Txipistin egitasmoan hiru hezitzaile egon beharko dira eta Auzokon bat. Gainera, koordinatzaile bat izendatu beharko da eta Udalarekiko harremanetarako arduradun bat ere bai. Langileen formazio perfila eta beste hainbat xehetasun zehaztu dira udalak kaleratu dituen oinarri eta baldintzetan. Kontratuaren prezioa ere bai, lehen urterako kontratuaren prezioa gehienera 111.000 euro izango baita. Enpresek, kopuru hori hobetu beharko dute. Izan ere, eskaintza ekonomikoak 51 puntu lortzeko bidea emango baitie, zerbitzuen inguruko txosten teknikoak berriz, 49.

  Puntu banaketa irizpide berbera jarraituko da Txaloka udal ludoteka eta udaleku irekiak kudeatzeko zerbitzu kontratua esleitzeko orduan ere. Bi zerbitzu hauek beste kontratu baten bidez esleitzea erabaki baitu udalak, lehen esan bezala.

  Ludoteka 4-9 urte bitarteko haurrei zuzenduta dago eta udaleku irekiak 4 eta 12 urte bitartekoei. Bi zerbitzu hauen helburuak haurrak aisialdiaz era aktiboan, parte hartzailean, sortzailean eta osasungarrian gozatzea da. Aisialdi hori euskaraz bizitzeko eskubidea bermatu eta euskal kultura sustatzea, besteak beste. Ludotekaren jarduna eskola ikasturtearen parekoa da eta udalekuak uztailean egiten dira. Ludotekan jarduteko udalak bi hezitzaile jartzea aurreikusten du esleipen oinarrietan eta udaleku irekietarako berriz, bizpahiru koordinatzaile eta errefortzurako langilea. Zerbitzu bikoitza urtebeterako kontratu nahi du Udalak, beste hiru urtez luzatzeko aukerarekin. Kontratuaren prezioa 95.385 euro da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!