Hasi dira ur hornidura hobetzeko lanak egiten Urrutxuko deposito inguruan
Gipuzkoako Urak enpresa ari da ur-hornidura sektorizatzeko lanak egiten. Urrutxuko depositutik behera hodi berri bat sartzen hasi dira astean eta zelaian behera joan ahala, Garagaltza eta Zañartu arteko bidea itxi egingo dute, aipatu hodia pasatzeko. Errepidea ixteko data ez da zehaztu baina aste honetan bertan izatea espero da, ezustekorik ez bada, behintzat.
Urrutxuko ur-biltegitik Ditxosuena baserri inguruan dagoen erregistroraino 200 mm-ko diametroa duen hodia sartuko da. Hodia Mutuetan dagoen zubiaren taularen azpitik pasako da, Artia erreka zeharkatzeko. Hodi berriak, guztira, 580 metro lineal izatea aurreikusten da. Lanak Urrutxuko ur biltegian bertan hasi dituzte. Ur-hornidura sektorizatzeko lan hauek aprobetxatuko dira Santipillau baserri inguruko bihurgunearen trazadura aldatu eta bidea zuzentzeko. Horrek esanahi du, Garagaltza eta Zañartu arteko bidea ez dela hodia pasatzeko soilik itxiko; egungo bidearen plataforma handitu eta kurba zuzentzeko lurra industuko da eta ezpondari eusteko harri-lubetazko horma eraikiko da. Aurrez, kurbaren gainaldean zegoen argindar postea lekuz aldatu zuen Oñargik.
Eregi Herrilan eta Zerbitzuak enpresari esleitu zaizkio lanak eta atzo bertan hasi ziren, esan bezala. Ur hornidura sarea hobetu eta Garagaltza eta Zañartu arteko auzo-bidea konpontzeko lanak egiteko 21 asteko epea zehaztu da; azaro hasierarako amaitzea aurreikusten da. Lanek 264.235 euroko aurrekontu orokorra dute eta bideari dagokion zatia Udalak eta Garagaltza, Zañartu eta Urrexola auzoek ordainduko dute, otsaileko Osoko Bilkuran onartutako lankidetza hitzarmenean jaso zenez.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!