Oñatiko udala

Hasi dira plazako iturria eraberritzen

2026/05/07
Card image cap
Petra enpresak egingo ditu lanak, ia 16.500 eurotan

  Astean hasi dira plazako Elorza jeneralaren iturria zaharberritzeko lanak. Iturria aldamioz inguratu zen lehenik eta Petra enpresa espezializatuko langileak harria garbitzen hasi ziren atzo. Lanak lau asteko epean egingo direla jaso zen esleipen kontratuan baina bi astetan bukatu daitezkeela diote horretan diharduten langileek. Harria garbitzen hasi dira eta, bide batez, apurtuta daudenak konponduko dituzte, eta euren arteko juntak, lotuneak eta harria babesteko produktua emango dute.

  Elorza jeneralaren iturria zaharberritzeko lanak plaza aldameneko jolasgunearen egokitze lanen osagarri dira, eta hauek amaitzear daudenean hasi dira. Plaza ondoko espazioari ukitu berezia ematen dion elementu nagusietako bat da iturria. 1880an Casto de Zavalak diseinatu zituen zortzi iturri historiko-artistikoetako bat da, artilleria, siderurgia eta lanbide heziketaren berritzaile izan zen Francisco Antonio Elorza Agirre araoztarraren omenez eraikitakoa.

  Plazako iturriaren eraberritze lanak herriko iturri historikoen zaharberritze proiektua orokorraren baitan kokatu behar da. Iazko abuztuan Maiatzaren 1eko plazako iturria zaharberritu zuen Petra enpresak berak; gainontzekoak pitinka berritzeko asmoa azaldu zen eta hurrengoa plazakoa izango zela iragarri zen. Baina tartean, Aurrekontu Partehartzaileen prozesuan herriguneko sei iturri historikoak eraberritzearen proposamena lehenetsi dute herritarrek botoen bidez. Beraz 2027ko amaiera bitartean guztiak zaharberrituko dira.

  Azken 10-15 urteetan beste eskuhartze batzuk egin dira herriko iturri historikoetan. 2014an, esaterako, bost iturrik dituzten elementu metalikoak tratatu eta margotu ziren, herdoilduta baitzeuden. 2020an Maiatzaren 1a plazako iturrian beste konponketa batzuk egin ziren eta funtzionaltasuna itzuli zitzaion; urteetan hondatutako ur hodia aldatuta ura ematen hasi baitzen berriro. Zortzi dira historiko gisa izendatzen diren iturriak; XIX. mende akaberan, 1880. urte inguruan, jarri ziren iturri publikoak dira: Maiatzaren 1a plazakoa, Elorza jeneralarena, Santa Marina, San Anton eta Etxaluze plazatxotakoak eta Kanpantxo eta Kirrineko kantoikoa.

  Plaza aldameneko Elorza jeneralaren iturria zaharberritzeko lanek 19.110 euroko aurrekontu orokorra dute; 16.494 euro Petra enpresaren aurrekontua da eta gainontzeko 2.625 euroak aldamioen instalazioari dagozkio.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!