Hasi dira Oñatiko argiteria publikoa berritzeko lanak egiten

Energia-eraginkortasuna hobetzea helburu duten lan hauek Ugarkalde eta Ibarra zelaia inguruan hasi dira, astean. Kanpo argiteria publikoa berrituz, LED teknologiako 688 luminaria jarriko dira, herriko 14 koadro elektrikotan aldaketak eginda.
Hasi berri diren lanen oinarria Oñatiko udalaren Energia planaren baitan osatu zen kale argiteria diagnostikoa da. Hirigune, industrialde zein landa-eremuko argiteria publikoa osatzen duten 2.741 luminariak aztertu ziren eta gehienak, % 60 inguru, LED teknologiarenak zirela egiaztatu zen. Baina 1.099 luminaria, oraindik, sodio lurrunezkoak eta kontsumo altukoak direla ikusi zen. Bakoitzaren ezaugarri partikularrak aztertu ziren, bai argiztapena nahiz kokatutako kaleen egitura kontutan hartuta, eta kaleak argiteria-koadroka sailkatu ziren. Herrian zehar dauden 14 argiteria kuadrotan aldatzea komeni den 701 argi puntu biltzen direla ikusi zen eta hauek ordezkatuko dira, 688 luminaria berri jarrita. Lanak, astean hasi dira eta iraila amaierara arte luzatzea aurreikusten da.
Energia-eraginkortasuna hobetzeko helburuarekin, Oñatiko argiteria publikoa berritzeko 688 argi hornitu eta jartzeko kontratua Loyola Norte enpresarekin sinatu zen, otsailean. Lanek, 395.604 euroko aurrekontua dute, Udalak zehaztutako gehienezko aurrekontua 102 mila eurotan, merkatuta.
688 luminaria aldatu eta LED teknologiakoak jarrita energia kontsumoa %75 murriztu eta 71.000 euro aurreztea aurreikusten da, eta, ondorioz, 6-7 urteren buruan, orain egingo inbertsioa amortizatzea.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!