Hasi dira Olakua auzoko 4. areako irisgarritasun lanak

2022/05/23
Card image cap
Hondeamakina hasi da lanean Olakua auzoan
Irisgarritasuna hobetu ez ezik, ur hornidura sarea ere berrituko da

  Olakua auzoko 4. areak 3 eta 4 zenbakidun etxe blokeen ingurua hartzen du. A2B Arquitectos enpresak idatzi zuen proiektuaren arabera, 3-A/3-B eta 4-A/4-B atarien inguruan dauden oinezkoen ibilbideak, zebra-bideak eta mugikortasun urria duten pertsonentzako aparkalekuak berrituko dituzte, irisgarritasun arauetara egokitzeko edo, araua guztiz bete ezin denean, gaur egungo egoera nabarmen hobetzeko.

  Olakua auzoko 2 eta 3 zenbakidun etxe-blokeen inguruan iaz egin ziren lanen eredua jarraituko da 4.area deritzon honetan. Espaloiak zabalduko dira, batez ere 4-A eta 4-B atarien aldean, eta zintarria ipiniko da berdegunearen bueltan, ikusmen urria duten pertsonen orientazioa errazteko. Horrezaz gain, 3-A eta 3-B etxeen aldameneko ibilbideak berrituko dira, zoladura berria jarriz eta bidea oztopatzen duten bide-seinaleak eta farolak lekualdatuz. Bi zebra-pasagune berri egokitu dira Txiki txokora eta autobus geltokira doazen oinezkoen bideekiko lotura modu seguru eta irisgarrian bermatuz. Bi zebra-bide horiek altxatutako plataforma erakoak izango dira. Urmaelaren aldameneko oinezkoen bidean egin ziren egokitze lanei jarraipena emanez, bestalde, espaloia konponduko da kirol kantxa eta Olakua dorrearen parean.

  Goizean hasi diren irisgarritasun lanok probestuko dira inguruko saneamendu eta ur hornidura sarea berritzeko. Ur azpiegitura lanok Gipuzkoako urak enpresak ordainduko ditu baina Udalak bideratu duen esleipen prozeduraren baitan jaso dira.

  Gaur goizean bertan hasi dira lanak egiten Ugarte enpresako langileak, eremua hesitzeko eta materiala gordetzeko guneak prestatzearekin batera. Langileentzako aldagelak Olakuako dorrearen ondoan kokatuko dira. Lanen aurrekontua 209 mila euro da eta 16 astetan egingo dira, maiatzaren 2an sinatu zen kontratuaren arabera. Beraz, astean hasi eta iraila erdialderako edo, amaitzea espero da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!