Hasi da gripearen kontrako txertaketa kanpaina berria

San Martin egoitzako egoiliarrak izan dira herrian txertatzen lehenak, aurten ere. Pasa den astean txertoa hartzeko baimenak jasotzen hasi ziren eta atzo ekin zioten txertoak jartzeari nagusien egoitzan. Gripearen kontrakoa ez ezik, Covid-aren aurkakoa ere jartzen ari dira, hala eskatzen dutenei. Ostiralera bitartean eskaera egin duten egoiliar guztiak txertatzea espero dute San Martingo arduradunek. Anbulatorioan ere hasi dira gripearen aurkako lehen txertoak jartzen.
60 urtetik gorakoek, gaixo kronikoek, haurdun daudenek edo hezkuntza, zaintza eta osasun arloetan diharduten profesionalek gripearen edota Covid-aren txertoa hartzeko hitzordua eskatu behar dute anbulatoriora telefonoz deituta edo Osakidetzaren web atarian sartuta. Bi txertoak aldi berean edo bat edo beste hartzeko aukera eskaintzen da. 80 urtetik gorakoei zuzenean telefonoz deituko diete txertoa hartu nahi duten galdetu eta, hala bada, txanda emateko. Kanpainaren hasiera honetan txertoa hartzeko txandak eguerditik aurrera eta arratsaldez ere ematen hasi direla jakinarazi digute anbulatorioan.
Haurrak ere txertatu ahal izango dira, aurreko bi urteetan bezala; sei hilabete eta 5 urte arteko haurrei ere gripearen kontrako txertoa jarri edo emango zaie. 20 hilabetetik gorakoei txertoa sudurretik emateko aukera dago, ziztada saihestuz. Haurren kasuan hauek eragin dezaketen transmisio katea eragotzi nahi da, asko, aitaita-amamekin egoten direlako eta kutsatze foku izan daitezkeelako. Haurren txertatze maila %41ekoa izan zen iaz eta arrakastaz berba egin dute Osakidetzako arduradunek kanpainaren aurkezpenean.
Prebentzio kanpainaren lehen asteotan, haur txikiak eta ohiko arrisku taldeetan daudenak txertatuko dira. Azaroaren 3tik aurrera gainontzeko herritarrek ere gripearen eta Covidaren aurkako txertoak hartzeko hitzordua eskatu ahal izango dute. Gripeari aurre egiteko 780.000 txerto dosi eskuratu ditu Osakidetzak aurtengo kanpainarako.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!