HAPOari 2024an egindako ekarpen-dokumentua berretsi du EAJk
Oñatiko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren inguruan iaz inolako aurrerapenik ez zela egin jakinaraziz eta 2024an egindako iradokizun eta proposamen dokumentuan jasotakoa berretsiz, prentsa-oharra zabaldu du EAJren udal taldeak. Hainbat hirigintza proposamen jasotzen ditu dokumentuak eta horrezaz gain, Udal Plangintzako Aholku Batzordea berritzea ere eskatzen dute jeltzaleek.
HAPOk 800 etxebizitza berri planteatzen dituela, eta hazkunde horren zati handi bat lurzoru industrial aktiboen eraldaketan oinarritzen dela gogorarazten da oharrean. Berezao-Eroski eta Zugaztieta-Cegasa guneetarako aurreikusten diren dentsitate handiko etxebizitza proiektuak zailtasun ekonomiko eta tekniko handia ez ezik, denboran luze joko luketen guneak direla diote jeltzaleek eta horren aurrean dentsitate ertaineko bi bizitegi eremu berri sortzea proposatu zutela gogoratzen dute: Lazarragan, Garay finkako behealdean, eta Otadui zuhaiztian, ULMA Carretillas industria gune berri batera aldatuta. Bi proposamenek Olakua-San Lorentzo eta Kasablanka aldeak herrigunera hurbiltzea ekarriko luketela diote jeltzaleek.
Lurzoru industriala mantendu eta ez murriztea ere proposatu zuen EAJren udal taldeak, HAPOk, 100.000 metro karratutik gorako galera ekarriko lukeela argudiatuta. Udalaren ongizate ekonomikoaren alde, lurzoru industrial berria planifikatzea ere proposatzen dute jeltzaleek, aurreikusitako birkalifikazioak indargabetzeko eta lurzoru horren zati bat egun herrigunetik gertu eta biziegi guneez inguratuta dauden industria-jardueren lekualdatzea errazteko.
Korriuena baserriaren inguruko lurzorua gorde eta aire zabaleko kirol eta jolas-ekipamenduetarako erabiltzea (futbol-zelai berria, kanpoko igerilekuak eta aisialdi-guneak), aukera hori irekita mantentzea, baita Betik-eko gunea futbol zelaira bideratzen bada ere, eta San Martin egoitzaren ondoko espazioa lurzoru soziosanitario gisa zehaztea proposatu zuten eta bere horretan mantentzen dute jeltzaleek, egun ere. Proposamenok HAPO dokumentua, orekatu eta errealista bihurtzeko ekarpenak direla dio Amaia Erostarbe bozeramaleak eta elkarrizketarako prest daudela berretsi du.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!