HAPOa berritzeko herritarren parte-hartzea oinarrian izan duela dio udal gobernu taldeak
Hiri Antolamendurako Plan Orokorra eguneratzeko prozesuan orain arte gauzatu diren diagnostiko eta aurrerakin faseen oinarrian herritarren parte-hartzea izan dutela adierazi du udal gobernu taldeak prentsa ohar bidez. Eta aurrerantzean ere halaxe jarraituko dutela azpimarratzen du.
EH Bilduk gogoratu du 2018an jarri zela abian prozesua aurrediagnostikoaren bitartez, eta orduz geroztik makina bat saio ireki egin direla herritarren ikuspegia eta proposamenak ezagutzeko asmoz. Aurrez aurrekoak, lan-tailerrak, kale erakusketak eta abar egin direla aipatzen da oharrean. Aldi berean, Udal Plangintzako Aholku Kontseilua ere berraktibatu ez ezik, osatu egin dela nabarmentzen da, formalki eratuak ez dauden kolektibo berriei leku egin zaiela azpimarratuz. Eta hauek ere HAPOa eguneratzeko orain arteko lanketan parte hartu dutela aipatzen da idatzian.
Gobernu taldeak azpimarratzen du lau hilabeteko epea ireki zuela aurrerakin dokumentuari iradokizunak aurkezteko, nahiz eta legeak hiru hilabetekoa agintzen duen. Epe horretan 15 iradokizun jaso direla zehazten da eta udal gobernu taldeak proposamenak landuta dituen arren, horiek eta aurrerakina bera onartu edo ezeztatu Osoko Bilkurak egin behar duela argitzen da. Alegia, oraindik ez dela ezer erabaki. HAPOa eguneratzeko prozesua bost fasetan banatzen dela eta oraindik bigarrenean gaudela azpimarratzen da. Aurrerakina onartu ostean hasiko dira zehaztasunak landu eta plana bera idazten.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!