Oñatiko udala

Handitu egin du Udalak enpresa berriak sustatzeko laguntzetarako diru-poltsa, 30.000tik 55.000 eurotara

2026/10/28
Card image cap
23 eskaera jaso dira orain arte, azken urteetako kopururik handiena

  Otsaileko Osoko Bilkuran onartu zuen udalbatzak enpresa berriak sustatzeko dirulaguntzen 2026ko oinarri arautzaileak eta deialdia. Hauek finantzatzeko 30.000 euroko diru poltsa gorde zen baina nahikoa ez dela izango ikusita, handitzea erabaki zen azken Osoko Bilkuran. Beste 25.000 euro bideratzea onartu zen, guztira, 55.000 euroko partida bihurtuz. Izan ere, 23 eskaera jaso dira jada, azken urteetako kopururik handiena.

  Oñatin enpresa jarduera berri bat sortu edo eskuz aldatuta jarduerari jarraipena ematen dion orok eskatu dezake udalaren dirulaguntza. Sustatzailea Oñatin erroldatuta egotearen baldintza oinarrietatik ezabatu da aurten baina sortzen den enpresa berriaren kokapena bere horretan mantendu da eta negozioak Oñatin izan behar du egoitza soziala eta fiskala, eta lantokia bera ere bai. Enpresa berrien deialdi honetan iazko urtarrilaren 1etik eta aurtengo ekainaren 30era bitartean alta emandako jarduerak sartuko lirateke eta hori egiaztatzeko, Ekonomia Jardueraren gaineko Zergan alta eman zeneko data hartuko da kontuan. Dirulaguntza eskaerarekin batera, aipatu altaren egiaztagiria aurkeztu beharko da. Eskaerarekin batera presentatu beharko dira baita ere, Gizarte Segurantzako alta egiaztagiria, enpresa proiektuaren aurkezpena edo bideragarritasun azterlana eta dirulaguntzaren xede diren lanpostuen titularren nortasun agiriaren kopiak. Izan ere, hauek bat baino gehiago izan baitaitezke, eta Udalak, enpresaren alta ematen den momentuan, enpresaren sustatzaileek sorturiko lanpostu bakoitzeko dirulaguntza ematen du. Orokorra, 1.500 euro lanpostu bakoitzeko da baina aktibitatea lehenengo sektorean sortuz geroz, bikoiztu egiten da, eta 3.000 euro lanpostuko ematen da, eta sustatzailea emakumea den kasuetan, %30 handitzen da sortutako lanpostuari dagokion dirulaguntza, beti ere, 6.000 euroko mugarekin onuradun bakoitzeko. Puntu hau 2022an txertatu zen oinarrietan eta baita ere, merkataritza sektoreko lokalen alokairuak ordaintzeko laguntza lerroa; merkataritza jarduerari lortutako zerbitzua eman eta negozio lokala Oñatiko herri gunean kokatuta dagoen kasuetan, lehenengo urteko alokairu gastuak arintzeko udalaren dirulaguntza eskuratu daiteke, urtean 2.500 euroko mugarekin. Diruz laguntzen diren jarduerak ere mugatu dira aurtengo deialdian eta ostalaritza lokalak edota Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren epigrafe konkretu batzuetako jarduerak kanpo utzi dira. Hala ere, esan bezala, aspaldiko eskaera kopuru handiena jaso da dagoeneko, 23 guztira, bai lokalen alokairurako zein enplegu berriak sortzeagatik, eta oraindik ez da epea amaitu, azken eguna azaroaren 30a izango da. Iaz, 18 eskaera onartu ziren guztira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!