Hainbat trafiko mozketa egingo dira erdigunean, bihar eta etzi

Aurrera jarraitzen dute herriko hainbat kale eta bidetan astelehenean hasi ziren asfaltatze lanek. Orain arte ez dute trafikoan modu nabarmenean eragin baina gaur arratsaldean itxita dago saihesbidetik erdigunerako sarrera-irteera, artxibo historikoaren ondoko errotonda asfaltatzen ari direlako, eta Euskadi etorbide ingurua eta Bakardadeko Ama kalea ere trafikorako itxiko dira, bihar eta etzi.
Euskadi etorbidetik Kurtzebide kalera eta Maria Irizar kalera dauden pasabideetan galtzada-harri edo adokina jarri zen. Zoladura oso hondatuta dago, harriak apurtuta edo solte, eta aldatzea erabaki da. Brigadako langileek harriak kenduko dituzte bihar goizean, eta hormigoi inprimatua botako da, arratsaldean. Lanak egun bakarrean egitea aurreikusten da baina pasabidea guztiz itxita egongo da trafikorako, egun osoan zehar. Lazarraga kalean dauden garajeetarako bidea Martzelino Zelaia kaletik barrena egin beharko da.
Bakardadeko Ama kalea ere aldi baterako itxiko da, bihar eta etzi. Bakardadeko Ama kalea ostiral arratsaldean asfaltatuko dute, baina, aurrez, errepidean dagoen erregistro bat prestatuko dute bihar arratsaldean. Ondorioz, kalea trafikorako itxi egingo da, bihar 15:00etatik 16:30etara eta ostiralean, 14:00etatik aurrera.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!