Oñatiko udala

Hainbat lanpostu betetzeko zailtasunak ditu Udalak

2025/06/25
Card image cap
Informatikari teknikari lanpostua aldi baterako betetzeko deialdia berriro ireki da eta igeltserotza ofizial lanpostua betetzeko prozesua bertan behera utzi da

  Udaleko informatika departamentua hankamotz dago aspaldian. Informatikari teknikari lanpostua aldi baterako kontratatzeko deialdia hainbatetan argitaratu da Lanbideren web atarian baina oraindik ez da bete, aurkeztu diren hautagaiek uko egin baitiote udal eskaintzari. Deialdia irekita mantentzea erabaki da eta hala dago, une honetan, Lanbideren web atarian. Gogoratu informatika teknikari lanpostura aurkezteko oinarrizko bi baldintza bete behar direla: informatikako ingeniaritzan edo baliokidea den formazio akademikoan unibertsitate gradu, lizentziatura edo diplomatura izatea eta euskarari dagokionez, C1, EGA maila. Horrezaz gain, postuarekin zerikusia duen formazio osagarria izatea eta antzerako lanetan esperientzia izatea baloratu egingo da. Lanbideren web ataritik eman behar da izena. Lanean berehala hasteko da deialdia.

  Bestalde, 2023ko enplegu publikoaren eskaintzan jaso zen igeltserotza ofizial plaza betetzeko deialdia ere egin zuen udalak martxoaren 25ean. 5 lagun aurkeztu ziren baina inork ez du eskatutako titulaziorik eta, ondorioz, hautaketa prozesutik kanpo utzi dira. Hil hasieran argitaratu zen behin behineko zerrendarekiko ez da erreklamaziorik aurkeztu eta behin betiko zerrenda eta deialdia hutsik uzten denaren jakinarazpena argitaratu da, gaur.

  Baina hainbat plaza betetzeko hautaketa prozesuak burutzen ari da Udala eta batzuk amaierara ere iristen ari dira; bi udaltzain lanpostua betetzeko prozesua, esaterako, osatu da eta oposizio-lehiaketan puntuaziorik altuena lortu duten bi hautagaien kontratazio-iragarkia gaur bertan argitaratu da. Era berean, kiroldegian arituko diren bi administrari laguntzaile plazak betetzeko prozesua amaitu da eta behin betiko puntuazioen araberako hurrenkeran, kontratazio proposamena egin du epaimahai kalifikatzaileak. Lau lagunek gainditu dute hautaketa prozesua eta dauden bi plazak beteta, gainontzekoekin lan poltsa osatuko da, deialdian zehaztu zenez.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!