Oñatiko udala

Hainbat lanpostu betetzeko deialdiak kaleratu ditu Udalak, Lanbideren bitartez

2025/11/03
Card image cap
2 kale garbitzaile pioi, batetik, eta kultura sustatzailea eta lurralde antolaketako administrazio orokorreko teknikaria, bestetik, kontratatuko dira

  Enplegua sustatzeko toki ekintzetarako 2025eko laguntza deialdiaren baitan bi kale garbitzaile pioi kontratatuko ditu Udalak, lau hilabeterako eta lan jardun osoz. Deialdia Lanbideren web atarian argitaratu da eta izena bertatik eman behar da, ostiralera bitartean.

  Kale garbiketako pioi lanpostu hauetara aurkezteko B gidabaimena izatea eskatzen da eta langabezian egotea. Horrezaz gain baloratuko dira: Oñatin erroldatuta egon eta herriko kale eta auzoen ezagutza izatea, euskaraz oinarrizko maila izatea, antzerako lanetan esperientzia eta azken 18 hilabeteetan langabezian egondako denbora. Izan ere, laneratzeko zailtasunak dituzten kolektiboak kontratatzea da Lanbidek tokiko erakundeei eskaintzen dizkien dirulaguntza hauen helburua. 55 urtez gorakoak, emakumeak eta langabezian denbora luzez dauden eta gutxieneko diru sarrera batzuk bermatzeko RGIa deritzona jasotzen dutenak bereziki babesten dira Enplegua sustatzeko toki-ekintzaterako dirulaguntzen bidez egiten diren kontratazio hauetan.

  Aipatu programaren babesean bete asmo diren bi lanpostu horiezaz gain beste biren deialdia ere egin du Udalak Lanbideren bitartez: kultura sustatzailea eta lurralde antolaketako administrazio orokorreko teknikaria. Bi lanpostu hauek aldi baterako bete asmo ditu Udalak.

  Kultura sustatzaile lanpostura aurkeztu ahal izateko giza zientzietan diplomatura edo baliokidea den titulazioa eta 4. Hizkuntza Eskakizuna, C2 pareko ezagutza izatea eskatzen du Udalak. Prestakuntza eta hobekuntza ikastaroak izatea eta lanpostuarekin zerikusia duten ikastaroak eta titulu akademiko ofizialak baloratuko da. Lurralde antolaketako administrazio orokorreko teknikari lanposturako, berriz, Zuzenbidean, Ekonomian, Politika zientziak eta Kudeaketa publikoan edo Enpresen administrazio eta zuzendaritzan gradua edo baliokidea izatea eskatzen da. Euskarari dagokionean, 4. Hizkuntza Eskakizuna, C2 maila izan behar da. Kasu honetan ere prestakuntza eta hobekuntza ikastaroak, lanpostuarekin zer ikusia duten ikastaroak eta titulu akademiko ofizialak baloratuko dira.

  Aldi baterako bete asmo diren bi lanpostu hauen hautaketa prozesuan parte hartzeko izena emateko azken eguna azaroaren 10a izango da eta izen-emate hori Lanbideren web ataritik egin behar da. Bi lanpostuak betetzeko premia du Udalak eta lanpostuak lehenbailehen bete asmo dela zehaztu da deialdietan. Aldi baterako langile hauei egun osoko lan kontratua egingo zaie eta lan jarduna goizez beteko dutela ere zehazten da argitaratu diren deialdietan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!