Hainbat isunetako dirua gordetzeagatik 21 hilabeteko kartzela zigorra jarri dio epaileak Oñatiko udaltzain bati.
Ez baita epaiketa formalik izan, udaltzainaren abokatua, fiskala eta akusazioa zeraman udalaren abokatua, bete beharreko zigorraren inguruan aurrez akordioa lortu baitzuten. Baina, halakoetan, epailea izaten da adostasuna onartu edo baztertzen duena eta atzo jakinarazi zenez, bere horretan onetsi du.
Udaltzain batek, berak jarritako isunak zuzenean kobratu zituen eta dirua udaleko kutxan sartu ordez, gorde egin zuen. Hiru isunen dirua gorde zuen, guztira, 130 euro.
Gertaerak agirian geratu zirenean, udalak langilea salatu eta zegozkien diligentziak abian jarri zituen Bergarako instrukzio epaitegian. Baina auzitegitan bide luzeagoa egin gabe gaia, esan bezala, aldeen adostasunez zuzendu da.
Udaltzainak errua onartu du. Ondorioz, 637 €ko isuna ordaindu beharko du eta 21 hilabeteko kartzela zigorra jaso du. Bi urtez azpiko zigorra denez ez du kartzelara joan beharko.
Baina udalak ere, bere egunean zabaldu zion zigor espedientea osatuz, urtebetez enplegu eta soldata gabe utzi du udaltzaina.
Iturria: Oñati irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!