Oñatiko udala

Hainbat herri basotatik ateratako su egurra zozketa bidez emango du Udalak

2025/07/21
Card image cap
Uztailaren 28ra arteko epea dago eskaerak egiteko

  Aldi-Luzeko-Egisa, Lopiaso, Torretxebarriondo eta Jaumendi deritzoten lursailetan bakanketa lanak egin direla eta, ateratako egurra zozketa bidez saltzeko bandoa osatu du Udalak. Duela 40ren bat urte landatutako haritz amerikarra da nagusi, tartean, bertako haritz banakaren batzuk ere badaude. 20-30 metro bitarteko garaiera dute eta bakanketa lanetatik atera den egurra, moztu gabeko enborretan banatuko da, 2,4-5,0 metrotako luzera inguruan.

  6 tona egurrez kargatutako kamioikada-lote salduko dira, 500 euro loteko. 10 bat lote osatzea aurreikusten da eta jasotako eskaeren artean zozketa egingo da. Baserri edo familia-unitate bakoitzak kamioi bakarra jaso ahal izango du, nolanahi, su-egurra sobratuko balitz, gehiago eramatea posible izango da. Interesa duenak oinarrizko baldintza batzuk bete behar ditu: Oñatin erroldatuta egotea; erositako su egurra norberaren etxeko kontsumorako izatea, alegia, ezin izango da su-egurra saldu; su-egurra deskargatzeko nahiko leku prest izan beharko du eta karga-deskarga lanetarako garraioa egin baino lehen, Udalak ezarriko dituen baldintzak bermatzea.

  Eskabideak aurkezteko epea zabalik dago, datorren astelehenera arte, uztailaren 28ra arte. Zozketa, hurrengo goizean egingo da, beharra badago. Publikoa izango da eta udaletxeko Osoko Bilkura aretoan egingo da, 10:00etan. Eskaerak udal erregistroan egin behar dira, online, edo aurrez aurre, HAZ bulegoan.

  Udalak egurzale bat kontratatuko du su-egurra baserri inguruan egokitutako tokira eraman eta bertan uzteko. Deskarga tokiak nahikoa espazio izan beharko du egurra jasotzeko eta bertara kamioia iristeko baldintzak bete beharko ditu. Egurra banatu aurretik, egurzalea eskatzailearekin telefonoz harremanetan jarriko da, gutxienez 24 orduko aurrerapenarekin.

  Ez da lehen aldia udalak herri basotan egiten dituen bakanketa lanetatik ateratako enborrak su-egurretarako saltzen dituela. Aurreko hamarkadan halako hiru bat eskaintza egin zituen.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!