Oñatiko udala

Hainbat fundaziori diru ekarpen egingo die Udalak beraien jardunean jarraitu dezaten

2026/04/13
Card image cap
Arantzazulab-Arantzazu Gaur fundazioari eta Olaso Dorrea fundazioari ekarpenak egitea onartu da

  Oñatiko Udala Arantzazulab-Arantzazu Gaur fundazioko babesle edo patrono da, beste erakunde batzuekin batera. Fundazioak Udalari bidalitako gutunean 2026ko memoria eta Patronatuaren azken batzarraren agiriaren berri ematen zaio Udalari, aurrekontuarerkin batera. Aurrekontu horri aurre egin ahal izateko Udalaren ekarpena jasotzen da, 60.000 euro. Arantzazulab-Arantzazu Gaur fundazioak bere jardunarekin jarraitzeko, urteroko ekarpena egitea eskatu dio Udalari eta hala onartu du gobernu taldeak. 60.000 euroko ekarpena bideratuko da aurtengo plangintza finantzatzeko.

  Olaso dorrea fundazioa berriz, Telesforo Monzon euskal herrigintza laborategia ekimenaren sustatzaile da. Ekimen horren baitan, eta Euskal Herriko Unibertsitateko Parte Hartuz ikerketa taldearekin batera, Naziometroa, Euskal Burujabetzaren Barometroa ikerketa abian du fundazioak. Naziometroak euskal herritarren nahi eta gogoen inguruan ezagutza zabalagoa izateko aukera emango du eta euskal herri-erakundeen esku-hartze eta interbentzio ildoak zehatzago eta ezagutza gehiagorekin aurrera eramateko aukera ahalbideratuko du, baita udal mailan ere. Iazko uztaileko Osoko Bilkuran aho batez onartu zen Naziometroaren ekimena aurrera eramateko ekarpen ekonomikoa egiten jarraitzea eta 3.500 euroko diru ekarpenaren bigarren zatia ordaintzea erabaki zen azken Tokiko Gobernu batzarrean, hau da, 1750 euro ordaintzea onartu zen, urteko lanaren memoria aztertu ondoren.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!