Hainbat berrikuntza txertatu dira Soziekonomia departamentuak kudeatzen dituen udal dirulaguntzetan

Pertsona langabeak kontratatzeko dirulaguntzetarako 15.000 euroko poltsa gorde du Udalak aurten. Laguntza hauen eskatzaileak egoitza soziala eta jarduna Oñatin duten eta 50 langile baino gutxiagoko enpresa txiki edo mikroenpresak izango dira. Laguntzak 2021eko uztailaren 1etik 2022ko ekainaren 30era arte egiten diren kontratu berrietarako eskatu daitezke. Beti ere, kontratuek gutxienez 6 hilabeteko iraupena badute eta lanaldi erdikoak badira. Kontratazioak gainera enplegu sorrera garbia ekarri behar du berarekin. Hori egiaztatzeko sei hilabete lehenago enpresak zuen langile kopurua begiratuko du udalak. Kontratatzen den pertsonak Oñatin erroldatuta egon behar du, gutxienez kontratua egin baino 6 hilabete lehenagotik, eta langabezian eta Lanbiden izena emanda egon behar du eta ez du ahaidetasunik izan behar ez enpresa-jabearekin edota zuzendaritzarekin.
Egiten den kontratua mugagabea bada eta jardunaldi osokoa Udalak 1.300 euroko laguntza emango dio enpresari. Hau berria da, orain arten, eta aurrerantzean ere bai, sei hilabeteko iraunaldia duten aldi baterako kontratuak 1.000 euroko dirulaguntzaz babesten jarraituko baita. Kontratatzen den pertsona emakumezkoa bada, laguntza, 1300 eurokoa izango da aurrerantzean ere, eta laguntza % 30 handituko da kontratatzen den pertsona Lanbideren irizpideen arabera, kolektibo bereziren batekoa bada. Langabetuak kontratatzeko dirulaguntzek 3.500 euroko muga dute, enpresa eta deialdiko.
Aldi berean, gizarteratze eta laneratze prozesuetatik datozen pertsonak kontratatzen dituzten enpresei zuzendutako dirulaguntzei eusten die udalak. Laguntza hauek Udala, Ulma Fundazioa eta Bidebarri zentroaren lankidetza hitzarmenaren baitan sortu ziren eta egun lankidetza hori eten bada ere, Udalak, dirulaguntzak emateari eutsi dio, esan bezala, atal honetan ere hainbat berrikuntza txertatuz.
Gizarteratze eta laneratze prozesuetatik datozen pertsonak kontratatzeko dirulaguntza hauen eskatzaileak egoitza soziala eta jarduna Oñatin duten enpresei zuzenduta dago, orain arte jarrita zegoen langile kopuru muga kenduta. Kontratatzen den langilea berriz, gizarteratze eta laneratze prozesuan edo prozesu hori amaitu berritan egon beharko da eta gutxienez 2 hilabeterako kontratua egin beharko zaio, lanaldi erdirako. Lehen, gutxienez, 6 hilabeteko kontratuak eskatzen ziren dirulaguntza hau eskuratzeko. Kontratatzen den pertsonak Oñatin erroldatuta egon behar du, kontratua egin baino 6 hilabete lehenagotik. Horretan ez dago aldaketarik.
Enpresak jasoko duen dirulaguntza 3.000 eurokoa izango da, lanaldi osoko eta sei hilabete edo luzeagoko lan kontratu bakoitzeko eta bi eta sei hilabete arteko aldi baterako kontratuak 1.500 eurorekin lagunduko dira. Laguntza hauek % 30 handituko dira baldin eta kontratatzen den pertsonak 55 urte edo gehiago baditu edo emakumea baldin bada. Enpresa batek egindako kontratuengatik jaso dezaken dirulaguntza mugatua da eta gehienez, 5.000 euro jaso ahal izango du.
Dirulaguntza hauen helburua Oñatin gizarte bazterkeria arriskuan edo desabantaila egoeran dauden eta lan merkatu arruntean sartzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonei gizartean eta lan munduan txertatzen laguntzea da.
Udalak kudeatzen dituen dirulaguntza hauekiko interesa duten enpresek, informazioa, Sozioekonomia departamentuan eskuratuko dezakete, 943 003 198 telefono zenbakian. Langabeak nahiz gizarteratze eta laneratze prozesuetatik datozen pertsonak kontratatzeagatik udal dirulaguntzak azaroaren 30era arte eskatu daitezke.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!