Oñatiko udala

Gurutze Gorriak 884 pertsona artatu ditu Debagoienean, azken urtean

2024/05/07
Card image cap
2023ko jardueraren urteko balantzea aurkeztu berri du

  Debagoieneko Gurutze Gorriak iazko jardueraren urteko balantzea argitaratu du. Guztira 4.690 esku-hartze eta 884 pertsona artatu zituen; aurreko ekitaldian baino %45 pertsona gehiagori eman zitzaion arreta. Laburbilduz, Gurutze Gorriak zaurgarritasun handiko egoeran zeuden eskualdeko 524 pertsona artatu zituen guztira, eta desgaitasun edo osasun-arazoren bat zuten 76 adineko.

  Gurutze Gorriak Debagoienean daramatzan 40 urtetan bailararen beharretara egokitzen joan dela esan du Javier Igartuak, Debagoieneko Gurutze Gorriaren batzarreko presidenteak. Hasieran, lehentasuna, sorospenek eta larrialdiek izan zuten arren, egun, gizarte esku-hartzeak eta egoera ahulean dauden pertsonen oinarrizko premiei erantzutea da zeregin nagusia, Igartuaren hitzetan.

  Larrialdiei eta sorospenei dagokienez, Gurutze Gorriak 41 prebentzio-zerbitzu bete zituen iaz, kirol-ekintzetan, batzarretan, festetan eta bestelako ekitaldietan; guztira 1.429 zerbitzu-ordu eman zituen 45 boluntarioko talde batek. Gainera, bada 20 boluntariok osatzen duten Larrialdiei Aurre Egiteko Berehalako Erantzun Taldea eta iaz 9 alditan aktibatu zen.

  Gizarteratzeko proiektuen artean, nabarmentzekoak dira Gurutze Gorriko boluntarioek Debagoieneko adinekoen egoitzetan bizi diren pertsonekin egin dituzten txangoak, Debako hondartzara edo Donostiako Kontxako estropadak ikustera. Mugikortasuna errazteko gurpil-aulki, makulu eta bestelako laguntza-produktuen mailegatze zerbitzuarekin jarraitu da garraio egokituko ibilgailuen zerbitzua ere eskaini da. Bestalde, Atxikipen Terapeutiko programak, zailtasun sozial, ekonomiko edota bakardadeagatik hauskortasun-egoeran dauden pertsonei tratamendu medikoak jarraitzeko eta laguntzeko laguntza eskaintzen du.

  Haurren arretari dagokionez, Gurutze Gorriak 500 eskuhartze baino gehiago egin ditu eskualdeko adingabeei eskola-materiala eta hezkuntza-jostailuak emanez, edota Eskola-Arrakasta programa eskainiz, 8-12 urte bitarteko ikasleei.

  Azkenik, nazioarteko lankidetzan, Debagoieneko Gurutze Gorriak bere funtsen %3 bideratu zuen larrialdi humanitarioetara, hala nola Turkia, Siria edo Marokoko lurrikarara eta Libiako uholdeetara.

  Boluntariotza da Gurutze Gorriak Debagoienean egiten duen jarduera guztiaren eragile nagusia. 2023an 14 boluntario berri sartu ziren, 89 boluntarioko taldea osatuz. % 53a emakumezkoak dira, % 47a gizonezkoak eta adinaren arabera, % 44, 30 eta 50 urte artekoak dira, %28a, 50 urtetik gorakoak.

  Urteko beharrei aurre egiteko, enpresa onuradunek emandako funtsak dira Debagoieneko Gurutze Gorriaren finantzaketa iturri nagusia. Halaber, Urrearen zozketako diru-ekarpenak, eskualdeko beharren ia %20a betetzen du. Dagoeneko hasi dira aurtengo zozketarako txartelak saltzen.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!