Gripearen kontrako txertaketa kanpaina abenduaren 31n amaituko da

2020/12/22
Card image cap
3.200 oñatiar txertatu dira, iaz baino 1.000 gehiago

  Osasun arduradunak ari dira jada Covid-19ari aurre egiteko txertaketa kanpaina berria prestatzen, baina gripearena ez da amaitu oraindik. Azken egun hauetan bakuna hartzera doazenak gutxi dira, baina gaixorik edo ingresatuta egon direlako, indarrak hartu arte itxaron dutelako, tantaka-tantaka ari dira banaka batzuk anbulatoriora hurbildu eta txertatzen. Urteroko txertaketa kanpaina honi amaiera emateko data finkatu eta jakinarazi da jada, abenduaren 31 izango da.

  Aurtengoa urte berezia da, zalantzarik gabe, eta deialdia eta herritarren erantzuna ere halaxe izan da. 65 urtetik gorakoei, gaixo kronikoei eta haurdun dauden emakumeei txertoa hartzea gomendatu zitzaien, baita osasun eta zaintza arloetan lan egiten dutenei edo etxean adinekoak dituztenei ere, eta erantzuna oso zabala izan da, 3.200 lagun txertatu baitira Oñatin, ohikoa 2.200 inguru izaten denean. Oñatiko biztanleen %27-28 inguruk hartu du gripearen kontrako txertoa aurten.

  10 egun falta dira oraindik kanpaina amaitu dadin, anbulatorioan txerto dosi batzuk badaude. Nahi duenak osasun etxera deitu eta txanda eskatu dezake.  

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!