Gose greban 28 egun betetzen ditu gaur Asier Guridik

Martxoaren 29an ekin zion Asier Guridi Zaloña oñatiarrak gose grebari. Gaur beraz, 28. eguna betetzen du. Bere osasun egoera okertzen ari dela adierazi digu, zorabioak ditu, goragale gogorrak eta tentsio arazoak. Gurutze gorriaren boluntario batzuen bisita izan du aurreko egunetan baina hauen jarraipena eskasa dela adierazi digu.
Caracasen, Espainiako Kontsulatu Orokorraren aurrean ari da gose greba egiten Asier Guridi, kontsulatu horrek 2020an ukatu zion pasaportea edo Venezuelako Komisio Nazionalak abenduan aitortu zion errefuxiatu izaera azalduko duen zedula eman diezaioten. Zedularen tramitaziorako indarrean dagoen pasaportea eskatzen zaio eta horrek prozesua blokeatzen du. Helburua, agiri ofizialen bat eskuratu eta bere nortasun egoera erregularizatzea da. Hori egin ezean bera eta 13 urteko bere semea heriotza zibilean daudela salatzen du.
Asier Guridi Zaloña oñatiarra 2005ean iritsi zela Venezuelara, Espainiatik ihesi, eta 2013an atxilotu zuten. Ordutik ez du nortasun juridikorik eta ondorioz, ezin du 2008an jaio zen semea Guridi deituraz erregistratu eta ezin dizkio euskaldun herritar eskubideak transmititu.
Asier Guridiren egoera salatu eta elkartasuna adierazteko elkarretaratzea deituta dago ostegun arratsalderako, 19:00tarako, plazan.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!