Oñatiko udala

Gomiztegi baserriaren egunerokoa ikusgai "Ongi etorri baserrira" ekimenaren baitan

2026/06/22
Card image cap
Gipuzkoa eta Bizkaiko 16 baserritako ateak irekiko dira uztailaren 3an eta 4an

  ENBA sindikatuak 2014an abiarazitako ekimena da Ongi etorri baserrira!. Pandemiak ekarritako etenaren ondoren berriro ekin zitzaion eskaintzari 2022an, eta dagoeneko hamaikagarren aldiz egingo da, uztailaren 3an eta 4an. Hasieran Gipuzkoako baserritako ateak ireki ziren eta eskaintza Bizkaiko beste hainbatekin osatuz joan da. Aurten, guztira, 16 baserri bertatik bertara ezagutu ahal izango dira; 16 baserri, 16 familia eta beste horrenbeste nekazal ustialeku. Izan ere, egitasmoak, hainbat helburu ditu: landa-guneari balorea eman, barnealdeko zonaldeko turismoa sustatu eta herri gastronomia goratu; gure jakien jatorria berraurkitzeko eta beren ingurune naturalean, mahaian dastatzen ditugun elikagaiak ekoizten dituzten baserritarrak ezagutzeko aukera ematen du ekimenak. Izan ere, baserritarrek kalitatezko produktuak sortzeaz gain, ingurumena eta paisaia zaintzen duten subjektu aktiboak direla ezagutzera eman eta gizarteratu nahi da

  Gomiztegi baserriak egitasmo honetan parte hartuko du, beste behin. Egitasmoaren beteranoetako bat da Gomiztegi, orain hamabi urte, ekimena martxan jarri zuten 8 baserrietako bat izan baitzen eta urtero bertako ateak bisitariei ireki baitizkie, bertatik bertara ezagutu dezaten. Uztailaren 3an izango da Gomiztegi bisitatzeko aukera. Aurten ezagutu daitezkeen 16 baserrietako bakoitzak bere berezitasuna du, Gomiztegin, artaldea eta gazta ekoizpena dute baina eskaintzan, haragitarako zein esnetarako behiak, txerriak, ibarrako piperrak, ogia, mahasti eta txakolina, erlezaintza edota sagarrak eta sagardoa ekoizten dutenak ezagutu daitezke, besteak beste.

  Ongi etorri baserrira! ate ireki jarduna doan izango da eta baserriaren arabera, uztailaren 3an edo 4an egin ahal izango da. Zenbait bisita euskaraz soilik egingo dira. Jarduera 11:00tatik 14:00tara izango da. Baserriak ezagutu nahi dituzten banakako, familia edo taldeek izena aurrez eman behar dute. Horretarako epea ekainaren 20ean amaitzen da, nahiz eta hainbat bisita beteta dauden jada. Izen-ematea internet bidez egin behar da: www. https://ongietorribaserrira.eus atarian sartuz.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!