Goizean iritsi dira uda Oñatin pasako duten lau neska-mutiko sahararrak
Oporrak bakean egitasmoaren baitan 92 haur sahararrek uztaila eta abuztua Euskal Herrian emango dute. Bi taldetan iritsiko dira, gaur eta bihar, eta lehenak goizean iritsi dira gurera. Oñatin 4 neska-mutiko izango dira baina Debagoienean 6 guztira, beste bik Arrasate eta Aretxabaletako familia banarekin pasako dutelako uda.
Hamarnaka urtez luzatzen ari den exilio egoerak eraginda, basamortuan eraikitako asentamenduetan bizi diren haurrei, udako tenperatura altuetatik urrun, beste errealitate bat ezagutzeko aukera ematen die Oporrak Bakean egitasmoak. Udako harrera programa hauek aurreko mendeko 90. hamarkadan egituratu ziren gurean eta ordutik milaka neska-mutikok parte hartu dute. Haur osasuntsuak dira guztiak, baina begietako edo azaleko arazo txikiak izan ohi dituzte askok, basamortuko eguzkiak eraginda eta gurean dauden bitartean osasun azterketak egiten zaizkie, Osakidetzarekin lortutako akordio bati esker.
Gurera iritsi diren haurrek 8-12 urte bitarte dute eta abuztu amaierara arte gainontzeko haurren antzera aisialdiko ekintzetan parte hartuko dute, igerilekura, ur txorroetara joango dira eta bizikletan, baloian jolasten ibiliko dira gure plaza eta kaleetan.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!