Oñatiko udala

Goienagusik Oñatin hasi du ikasturte berria, aurkezpen ekitaldiarekin

2025/10/01
Card image cap
2025-2026 ikasturteko erronkak, helburuak eta programazioaren aurrerapena azaldu da

  Santa Ana antzokian egin da Goienagusi elkartearen ikasturte berriko aurkezpen ekitaldia, 10:00etan. Elkarteko zuzendaritza batzordeko ordezkariekin batera Izaro Elorza alkatea izan da, Oñatiko Udalak ekimenari ematen dion babesa irudikatuz. Elkartearen egungo egoeraren berri eman dute Goienagusiko ordezkariek eta gaurkoarekin hasten den ikasturte berriko erronkak eta helburuak azaldu dira. Bestalde, programazioaren aurrerapena egin dute, dagoeneko lotuta dituzten hitzaldiak, ibilaldi eta ikastaroen inguruko informazioa zehaztuz. Hitzaldiak Oñatin, Bergaran eta Arrasaten egin ohi ditu Goienagusik, tarteka, bailarako beste herrietan ere programatzen saiatzen delarik. Arrasaten astelehen goizetan izaten dira eta Oñatin eta Bergaran, txandaka, hamabostean behin, asteazkenetan. Eta gaur, asteazkenez eta pertsona nagusien nazioarteko eguna den honetan ekin nahi izan zaio 2025-2026 ikasturteari, Oñatin.

  Goizeko aurkezpen ekitaldiaren ondoren Goienagusi bi aste barru itzuliko Santa Ana aretora, urriaren 15erako hitzartu baitu lehen hitzaldia da Pruden Gartzia oñatiarrarekin. Euskaldun fededun izeneko liburua argitaratu zuen iaz Gartziak, euskaldunen eta Euskal Herriaren identitatea zertan datzan galderari erantzun asmoz. Liburuaz eta bere pentsamenduaz arituko da ikasturteko lehen hitzaldi horretan. Urriaren 28an berriz, Emilio Cerdá katedratikoa etorriko da iazko urri amaieran Valentziak nozitu zuen DANAri buruz berba egiteko. Gertaera lazgarria disziplina ezberdinetatik ikertzen ari da egun eta ikuspegi orokor hori ekartzen saiatuko da. Urriko hitzaldiez gain beste batzuk zehaztu eta iragarri dira jada. Hala, abenduaren 3an, Xabier Monasteriok Gabriel Arestiri buruz berba egingo du eta 2026ko martxoaren 4an, Beatriz Yarza oñatiarrak Guerrillas para la vida aurten kaleratu duen liburuaz arituko da.

  Goienagusi irabazi asmorik gabeko kultur elkartea da. 55 urtetik gorako edozein pertsona izan daiteke bazkide eta egun 300 pasa dira, Debagoieneko herri guztietan barreiatuak. Aisialdi aktiboaren filosofia jarraituz, pertsona nagusien topagune izan nahi du, ezagutzak zabaldu, gaitasun intelektualak trebatu, aisialdiaz gozatu, lagun arteko harremanak sustatu eta osasun fisiko eta psikikoa zainduz, besteak beste.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!