Gizon eta emakumeen arteko aukera berdintasuna sustatzeko dirulaguntzen deialdia argitaratu da
2024an doitu egin ziren udal dirulaguntza hauen oinarriak baina helburua bere horretan mantendu zen; gizon eta emakumeen arteko aukera berdintasuna sustatzeko ekintzak babestea dute xede, edozein elkartek antolatzen dituelarik. Izan daiteke berdintasuna sustatzeko helburua duen elkarte batek antolatutako ekintza edota auzo-elkarte, kirol-elkarte edo nolanahikoak antolatutakoa, fokua, ekintzaren xedean jarri baita. Beraz, emakume eta gizonen arteko berdintasuna eta emakumeen ahalduntzea lortzea helburu duten programak eta jarduerak sustatu eta garatzea da dirulaguntza hauen xedea. Ekintza horiek ezin dute irabazteko asmorik izan eta Oñatin garatu beharko dira, udalak diruz babestu ditzan.
Dirulaguntza hauetarako deialdia gaur argitaratu da Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta eskaerak bihartik aurrera aurkeztu ahal izango dira, martxoaren 31ra arte. Deialdi honen baitan jasotzen diren eskaerak baloratzeko hainbat irizpide hartuko dira kontutan: aurkeztutako proiektua testuinguruan kokatzea, ekintzaren eragina eta balizko emaitzak, proiektuaren kalitate teknikoa, metodologia eta baliabideen antolaketa, emakumeen partaidetza sustatzeko estrategiak diseinatu eta garatzea eta taldean edo sarean egiten diren proiektu eta prozesuak izatea baloratuko dira. 8.000 euroko partida gorde da dirulaguntza hauetarako.
Iaz bi eskaera jaso eta onartu ziren, EME Automobilismo Kirol Elkartearena, batetik, eta Aloña Mendi kirol elkartearena, bestetik. Honek, indarkeriari aurre egin eta berdintasunaren aldeko protokoloa osatzeko egitasmoa aurkeztu zuen.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!