Oñatiko udala

Gizarte zerbitzuetatik aurkeztutako gaiak nagusi dira gaurko Tokiko Batzarrean

2026/03/05
Card image cap
Etxebizitza partikularretan su detektagailuak jartzeko, adikzioen tratamendurako zein gizarte larrialdietarako laguntzak aztertuko dira

  Azken orduko beste gairik eramaten ez bada, horiek dira arratsaldeko bileran gobernu taldeak jorratuko dituen hirurak. Gizarte zerbitzuak udal departamentuak hainbat dirulaguntza kudeatzen ditu eta horietako hiruren inguruko araudia azaldu eta 2026ko deialdia egitea proposatuko da gaurko batzarrean.

  Adikzio mota ezberdinak gainditzeko tratamenduan dauden pertsonei eta beraien senitartekoei zuzenduta garraio gastuak arintzeko dirulaguntzak eman ohi ditu Udalak. Bestalde, 80 urtetik gorako herritarrei etxean su detektagailuak jarri eta horien mantenua bere gain hartzen du Udalak, beti ere, hartarako eskaera egin eta baldintzak betetzen badira. Era berean, gizarte larrialdietarako udal dirulaguntzak ere badaude. Berez gizarte larrialdietarako laguntzak Eusko Jaurlaritzaren eskumenekoak diren arren, Udaletik kudeatzen dira. Gobernuak dituen baliabideak ez dira nahikoak izaten, gainera, eta Udalak partida ekonomiko bat aurreikusten du urtero, Jaurlaritzaren aurrekontu esleipenak bete ezin dituen Oñatiko eskaerei erantzuteko. Hiru dirulaguntza hauen inguruan arituko dira gobernu taldeko kideak gaurko bileran, eta egoki baderitzote, 2026ko deialdiak kaleratzeko erabakia hartuko dute.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!