Oñatiko udala

Gizarte zerbitzuetarako erabiltzen den Bidebarrieta 14ko lokala eraberritzen ari dira

2026/01/21
Card image cap
Hirurok igeltserotza enpresari esleitu zaizkio lanak, 171 mila eurotan

  Orain 20 urte, 2006an jarri zuen martxan Udalak Bidebarrieta kaleko 14an dagoen lokalaren proiektua. Lokal horren helburua aisialdirako ekintzak egiteko lekua izatea zen, desgaitasun psikikoa zuten pertsonak biltzen zituen elkarteak erabili zezan. Hori gogoan, espazio zabal eta irekia prestatu zen, jolasak, dantza edo antzerakoak egiteko aproposa. Sukalde txiki bat prestatu zen, komunak eta bulego txiki bat ere egokitu ziren. Urte batzuk beranduago gizarte eta hezkuntza arloan eta arlo psikosozialean esku hartzeko zerbitzua eta terapeutaren zerbitzua lokalean eskaintzen hasi ziren, guztiz diafanoa zen espazioan itxitura bat eginda. Bidebarrieta kaleko 14an dagoen lokala beraz, unean uneko proiektu eta beharretara egokitzen joan da. Egun, ordea, zaharkituta eta momentuko erabileretara moldatu beharrean dagoela ikusi da. Izan ere, gizarte eta hezkuntza arloan eta arlo psikosozialean esku hartzeko zerbitzua asko hazi da eta baita bertan diharduten profesionalen kopurua ere. Egun sei lagun ari dira bertan lanean: psikologo-koordinatzailea, 2 psikologo, 3 hezitzaile.

  Bidebarrieta 14ko lokala eraberritzeko proiektua Aitziber Izura arkitekto teknikoari eskatu zion Udalak. Exekuzio lanak esleitzeko deialdia egin zen ondoren eta enpresa bakarra aurkeztu zen, Hirurok igeltserotza, hain zuzen. Deialdian finkatutako oinarri guztiak betetzen zituela egiaztatu zen eta lanak zuzenean esleitu zitzaizkion. Udalak zehaztutako aurrekontua merkatuta, 171.572 eurotan egingo dira, hiru hilabeteko epean. Lanak urtearekin hasi dira, martxoa amaierarako bukatzea aurreikusten da. Bitartean, bertan eskaintzen ziren zerbitzuak Atzeko kaleko 6an dagoen lokalera aldatu dira. 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!