Gizarte zerbitzuen erakunde arteko mahaia osatu du Foru Aldundiak

2016/07/14
Card image cap
Lurdes Idoiaga zinegotzi jeltzaleak, udal hautetsien ordezkaritzan parte hartzen du

  Gipuzkoako Foru Aldundiak,  lurraldeko gizarte zerbitzuen sarearen kohesioa, armonia eta egitura hobetzea ahalbidetuko duen Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Mahaia osatu zen atzo. Lehen bileran, gizarte zerbitzuen antolaketa hobea egitea adostu zuen mahaiak.

  Erakunde arteko mahai honetan, Foru Aldundiak, Udalek eta Eudelek hartzen dute parte. Atzoko eraketa bileran, konkretuki, Maite Peña gizarte politikako diputatua izan zen buru baina  plangintza, inbertsio  eta prestazio ekonomikoetarako zuzendariak,  haurren babeserako eta gizarteratzeko zuzendariak,  lurralde osoko eskualdeetako udalerrietako ordezkariek eta Eudeleko zuzendari nagusiak parte hartu zuten. Udalerrietako ordezkaritza horretan eta Debagoienatik, Lurdes Idoiagak, Oñatin EAJko zinegotzi denak parte hartu zuen.

  Gizarte politikako diputatuak bileraren garrantzia nabarmendu zuen. Mahaiak aukera emango du, udalek parte hartuta, lurraldeko gizarte zerbitzuen mapa planifikatu eta antolatzeko. Gainera, Gizarte Zerbitzuen Legeak eta kartera dekretuak dakartzaten aldaketak ezartzeko bideak jarriko ditu. Orohar aukera emango du lurraldeko gizarte zerbitzuen baliabideen eraginkortasuna hobetzeko. Erakunde arteko marko berri honi emandako funtzioen artean, gizarte zerbitzuetan jardueren planifikazio bateratua diseinatzea dago, gizarte zerbitzuen maparen lurralde antolaketa onartu edo irizpideak proposatzea, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema garatzeko onartu den ezohiko funtsaren banaketa egin ahal izateko. Atzo eratu zen erakundeen arteko mahaia, gizarte zerbitzuen legea bete dadin lehen urratsa dela azpimarratu zuen gizarte politikako diputatuak.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!