Oñatiko udala

Gizarte mugimenduak eta gatazken kudeaketaren praktika aztergai da Lege Soziologia Institutuan

2022/07/11
Card image cap
Nazioarteko 15 adituk bat egin dute unibertsitate zaharrean

  Ez da ohikoena astelehen eta asteartez workshop-a izatea Lege Soziologia Institutuan baina aste honetan hala egokitu da. Elkar-lotura negoziatzea: gizarte mugimenduak eta gatazken kudeaketaren praktika izeneko mintegia hasi da gaur unibertsitate zaharrean eta bihar eguerdira arte luzatuko da. Partaideek Oñati ezagutzeko aukera dute eta mintegiaren ondoren, bihar arratsaldean, Mondragon Korporazioaren ingurukoak ere aurkeztuko zaizkie Otalora Topagunean, Aretxabaletan.

  Ezkerreko gizarte mugimenduak bitartekaritza eta negoziaziorako bide berriak urratzen ari dira, komunitate eraldatzaileak sortzeko helburuz. Hainbat ikerketa etnografikotan ondorioztatu denez, mugimendu hauek gatazkak gainditzeko praktikak garatzen ari dira, ez estatuaren aurrez aurre jartzeko asmoz baizik eta estatu beraren alternatiba bihurtzeko. Zenbait mugimendurentzat gatazkak gainditzeko bide berriek frogatzen dute ez dela estaturik behar komunitate gisa garatzeko.
Herbeheretako eta Australiako hiru adituk koordinatzen dute goizean hasi den lan bilera eta Herbehereak eta Australiako partaideez gain, Erresuma Batua, AEB, Frantzia, Israel, India eta Alemanitik etorritakoak ere. Guztira, 15 bat aditu bildu dira unibertsitate zaharrean.

  Bestalde, asteazkenetik larunbatera, Law and Society association elkartearen kongresua egingo da Lisboan, Portugalen, eta Oñatiko Nazioarteko Lege Soziologia Institutuko ordezkariak bertan izango dira, erakundeak egiten duen eskaintza aurkezten.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!