Oñatiko udala

Gipuzkoako Erroten eguna ospatuko da maiatzaren 17an

2026/05/12
Card image cap
San Migel errotan bisita gidatua antolatu da, 11:00etan

  Oñati eta Gipuzkoa oso aberatsak dira errotei dagokienean, erreka edo itsasoko uraren indarrez mugitzen ziren errota gehienak gurean. Tokiaren eta beharraren arabera, arkitektonikoki, historikoki eta ekonomikoki eredu ezberdina duten errotak zeuden, eta daude oraindik ere herrialdean. Horietako zenbaiti erreferentzia egiten dieten dokumentu eta agiriak bisitarien begi bistan jarriko dituzte Tolosako Gipuzkoako Artxibo Orokorrean ostiralean. Errotei eta errotariei buruzko argibideak emanez bisita gidatua egingo da, 10:00etatik 12:00etara. Aurrez izena ematea eskatzen da (agg.gao@gipuzkoa.eus; 943 41 52 62).

  Datozen bi asteburutan Gipuzkoako hainbat errotetako ateak ireki eta martxan jarriko dira, bisitariek ikus ditzaten. 21 herritako errotak ikusi ahal izango dira, tartean, Oñatin, Turismo bulegoan dagoen San Migel errota.

  San Migel errota martxan jarriko da igandean, 11:00etan. Bide batez, turismo bulegoko teknikariek errotaren inguruko historia azalduko dute. Turismo bulegoan bertan dagoen errotaren lehen aipamena XV. mendekoa da. San Migel monasterioaren jaun-ondasunen zati zen, eta bere jabe laikoak Oñatiko kondeak ziren eta bere menpekoak behartuta zeuden garia bertan ehotzera, gainera, hamarrenak ordaindu behar zizkioten. 1929an zerrategi bihurtu zen baina irina egiteko lantegi zaharraren aztarnak gorde zituzten eta horiek dira egun turismo bulegoan bisita daitezkeenak.

  San Migel errota edonoiz jartzen dute martxan turismo bulegoko arduradunek baina domekako bisita berezia izango da, Gipuzkoako Erroten Egunaren baitan antolatu baita. Oñatin bezala, Gipuzkoako beste 20 herritako errota eta errota-zerrategietara ere bisita bereziak antolatu dituzte datozen bi asteburuetan. 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!