Gipuzkoako Artxibo Historikoak Ondarearen Europako Jardunaldietan parte hartuko du
Gipuzkoako Foru Aldundiak, Europar Batasunarekin lankidetzan, hamargarren urtez antolatu ditu Ondarearen Europako Jardunaldiok, lurraldeko hainbat herritako udal, elkarte eta kultur eragileekin elkarlanean. Ondarea eraikitzen. Construyendo cultura programaren baitan 123 kultura proposamen prestatu dira Gipuzkoako 37 udalerritan, pasa den astetik hasita. Arkitekturaren eta memoria kolektiboaren arteko lotura da aurtengo proposamenen ardatz nagusia eta hala egingo da baita ere Gipuzkoako Artxibo Historikoan, lurraldearen ikuspegia landuz, mapak eta marrazkiak oinarri hartuta. Gipuzkoako bilakaera ekonomikoarekin lotutako paisaia, eraikin, espazio publiko eta pribatuak agertzen dituzten plano eta marrazkien aukeraketa egingo da, XVII. mendetik XX. mendera arteko dokumentu grafikoak hartuz. Erakusketaren helburua da herritarrei ikuspegi bisual bat ematea gure inguruaren bilakaera ulertzen laguntzeko. Erakusketa presentzialki ez ezik, birtualki ere bisitatu ahal izango da, urriaren 13tik 17ra. Urriaren 14an, gainera, bisita komentatua egin ahal izango da. Ez da lehen aldia Gipuzkoako Artxibo Historikoak Ondarearen Europako Jardunaldietan parte hartzen duela; urteko gaiarekin harremana duten dokumentuak bilduz erakusketak egin izan ditu lehenago ere, batzuetan, Turismo Bulegoarekin elkarlanean, hauen bisitak osatu ditu.
Baina Oñatitik haratago, Gipuzkoako beste 62 eragile baino gehiagoren lankidetzari esker borobildu da aurtengo proposamen aukera. Ekitaldi mota ezberdinak antolatu dira: bisitak, hitzaldiak, tailerrak, erakusketak, scape roomak eta abar. Arkitekturak programa egituratzen duen edizio honetan, ugariak dira eraikinetara egingo diren bisita gidatuak, udalerrietako auzoetan barrena antolatutako ibilaldiak edo Luis Peña Ganchegui edo Luis Vallet de Montano Echeandía arkitekto ezagunen eta Nestor Basterretxea edo Jorge Oteiza artisten ondarea aztertzeko aukerak. Debagoienean, Bergarak eta Arrasatek ere bat egin dute ekimenarekin, eta Bergaran, hain zuzen, San Pedro elizan gordetzen den Hilzoriko Kristoa ezagutu ahal izan zen, pasa den larunbatean. Bergaran jarraituz, Wolframaren kodeak izeneko ibilbidea egingo da bihar arratsaldean; herriko kaleetan barrena bisita gidatua egingo da, hilaren 18an; erakusketa jarriko da Laboratoriumean, urriaren 31tik azaroaren 10era eta kuatikaren logika azaltzeko tailerra egingo da, azaroaren 8an. Arrasaten, berriz, industria ondare arkitektonikoa ezagutzeko bisita gidatua egingo da, urriaren 28an.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!