Oñatiko udala

Gipuzkoako adinekoen egoitzetan gaurko deitu den grebaren ondorioak antzematen dira San Martin egoitzan

2025/06/11
Card image cap
Agindutako %70ko gutxieneko zerbitzuak betetzen ari dira

  Sektorean gehiengoa duen ELA sindikatuak egun osoko greba egitera deitu ditu  adinekoen egoitza eta eguneko zentroetako langileak. LABek, berriz, lau orduko lanuztea deitu du. Guztiek, lan hitzarmenaren negoziazioaren blokeoa salatzen dute. Deialdiak eragina izan du San Martin egoitzako egunerokoan, langile batzuk lan-uztea jarraitu dutelako, baina zerbitzua bermatuta dago, Eusko Jaurlaritzak agindutako %70eko gutxienekoa betetze ari direlako.

  Adinekoen egoitza eta eguneko zentroetan diharduten 5.000 bat langileren lan baldintzak hobetzea eskatzen dute. Langileen % 40k gogoz kontrako kontratu partzialak dituzte, ELAren arabera, eta arreta zuzeneko ordu-kopurua murriztu da, lan-kargak areagotuz. Ondorioz, langileen osasunak eta, oro har, zerbitzuak okerrera egin duela salatu du ELAk.

  LAB sindikatuak lan baldintzen ekiparazioa aldarrikatzen du, hau da, adinekoen egoitzetako langileek administrazio publikoko langileen lan baldintza berdinak izatea. Gainera, ratioak jaitsi behar direla aldarrikatzen du LABek.

  Urtarrilean hasi ziren lan hitzarmen berria negoziatzeko hartu-emanak baina apirilaren 7an egin zen azken bileran ez zen aurrerapausorik egin, sindikatuen esanetan. Blokeo egoera hori gainditzeko sei greba egun deitu ditu ELA, ekaina eta uztailerako; gaur, bihar eta etzi eta uztailaren 9, 10 eta 11n.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!