Ginea Konakryn osasun zentro bat eraikitzeko dirua batuko da Hator-Hator Gabonetako kontzertuan
Herriko abesbatzek eta musika bandak bat egingo dute Hator-Hator kontzertuan, beste behin. Gabonetako emanaldiak elkartasun ukitua izango du aurten ere, eta sarreretan jartzen diren itsulapikoetan batutako dirua Misio taldeak Ginean, Dhaguell herrian eraikiko duen osasun zentro berrira bideratuko da. Eskualde mailako izaera izango duen osasun zentroa izango da Parrokiako Misio taldekoek adierazi dutenez. Zentroak kontsulta-gelak erditze-gela, beharketa-gela, farmazia, komun-blokea eta osasun-lanbileentzako bizitokiak izango ditu, besteak beste. Era berean, anbulantziarako aparkalekua, berdeguneak eta herritarrek segurtasunez sartzeko gune egokituak ere aurreikusten dira. Aurrekontu estimatua, 375.000 franko ginear (40.000 euro inguru) da.
Lanaren ardura Dhaguelleko ADD elkarteak hartuko du eta dagoeneko eraikina jasotzeko orubea eskuratu dutela jakinarazi da, aste honetan bertan baimen eta bestelako tramite kontuak lotzeko bertara joan da Oñatin bizi den taldeko kide Adama. Oñatikoaz gain beste finantzaketa iturri batzuk ere lortzen saiatzen ari direla agertu du Adamak berak. Dhaguell herritik hurbilen dagoen osasun zentroa 48 bat kilometrotara dago baina hara iristeko bideak oso txarrak dira eta urtero 12-15 emakume hiltzen da erditzerakoan, zentroraino iritsi ezinda edo bidea modu txarrean eginda.
Osasun zentroa parrokiako misio taldeak Dhaguell herrian egingo duen proiektu berria da, aurrez, hiru gelako eskola eta neska gazteentzat joskintzako lanbide heziketako zentroa ere eraiki eta ekipatu baitu. Egitasmo horiek guztiak gauzatzeko diru-iturri ezberdinak ditu taldeak, tartean, herriko abesbatza eta musika taldeek egin ohi duten Gabonetako kontzertua. Domekan, 12:30etan eta Zubikoako pilotalekuan eskainiko den Hator Hator kontzertuan, Ganbara, Hots eta Oñati abesbatzek eta musika bandak eta banda gazteak parte hartuko dute. Talde bakoitzak bina kantu egingo ditu bakarka eta azkenean denok elkarrekin Oscar Navarroren El ilustre marino lana eta pare bat Gabon kanta abestuko dituzte. Txokolateixan eskuratu behar dira gonbidapenak, sarrera doan delako, baina gogoratu, itsulapikoak jarriko direla borondatea emateko.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!