Oñatiko udala

GI-2630 errepidearen 3 Km hobetzeko lanak esleitu berri ditu Foru Aldundiak

2022/09/01
Card image cap
Fagor ondoko errotonda GI-2630 errepidean
Amenabar Alvargonzalez UTEak egingo ditu, hiru hilabeteko tartean

  GI-2630 errepideko 20 eta 23kilometro puntuen artean zoruaren egitura birgaitzeko lanak egingo dira, hau da, Fagorreko errotonda paretik hasi eta San Prudentziorako bidean, Elorregiko errotondara iristeko 200nen bat metro falta diren punturaino. Lanek Zubillagako saihesbidea barne hartzen dute.

  Ekainaren 21eko Diputatuen Kontseiluan erabaki zen aipatu lanak egitea eta esleipen prozesua abuztuan bete da. Lanak Amenabar Alvargonzalez UTEari adjudikatu berri zaizkio, ia 621 mila eurotan. Lanak egiteko hiru hilabeteko epea zehaztu zuen Foru Aldundiak baina datozen asteetan egitea aurreikusten da.

  GI-2630 errepideak jasaten duen zirkulazio handia erregulatu eta bide-segurtasuna hobetzeko helburuz, hainbat esku-hartze iragarri zituen Diputazioak iazko otsailean eta poliki poliki burutuz doa. Garibai auzo parean errepidea estutu eta irla bat eratuz abiadura motelarazi zen, Munazategi sektorea deritzonean biribilgunea egin zen eta orain, Fagor ondoko errotondatik San Prudentziorako bidean errepidearen zorua birgaituko da.

  Bitartean, Goribar auzoan biribilgunea egiteko proiektuak aurrera darrai. Azaroan behin betikoz onartu zen proiektua gauzatzeko hartzea aurreikusi ziren ondasun eta eskubideak premiaz okupatu beharrekoak deklaratu ditu Eusko Jaurlaritzak. Uztailaren 19ko Gobernu Kontseiluak onartutako dekretua abuztuaren 2an argitaratu zen aldizkari ofizialean.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!