Gezurrezko pistola batekin mehatxatu zuen gizon bat atxilotu zuen Ertzaintzak igandean
Atxiloketa domeka arratsaldean, 19:30ak inguruan, gertatu zen Atzeko kalean. Ertzainek 27 urteko gizon bat atxilotu zuten, larderiaz lapurreta egiten saiatzea leporatuta. Atxilotuari airsoft pistola simulatu bat atzeman zioten.
Lapurreta ahalegina lehentxeago gertatu zen kale Zaharreko taberna baten kanpoaldean. Zerbitzaria telefonoz hizketan ari zen, ezezagun bat hurbildu eta mugikorra emateko eskatu zion, birritan ezetz esan ondoren, fraketan, gerrian, gordeta zeraman pistola erakutsi zion gizonak. Emakumeak korrika ihes egin zuen eta ingurutik pasatzen ari zen herritar bati laguntza eskatu zion. Bitartean, mehatxatu zuen gizonezkoak beste norabidean alde egin zuen. Hala adierazi zion biktimak Ertzaintzari eta handik minutu batzuetara gizonaren deskribapen fisikoarekin bat zetorren pertsona bat atzeman zuten, Atzeko kalean. Atxilotutakoak Airsoft arma simulatu bat fraketan zeramala egiaztatu ahal izan zuten.
Atxilotua, 27 urteko gizonezkoa, epailearen eskuetan jarriko dute dagozkion eginbideak amaitu ondoren. Larderiaz, intimidazioz, lapurreta egiten saiatzea leporatzen diote.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!