Genero ikuspegitik herriko jaien inguruko azterketan parte hartzera gonbidatu dira herritarrak
Udaleko Berdintasun Departamentuak sustatuta egiten ari da San Miguel eta Errosarixo jaien gaineko azterketa genero ikuspegitik. Lanaren xede nagusia, herriko eragile ezberdinen bitartez Oñatiko jaiak genero ikuspegitik aztertzea da. Emakumeen eta gizonen parte hartze baldintzak aztertuz, etorkizuneko esku-hartzeak identifikatzeko.
Baina beste helburu batzuk ere badira: Jaien eduki sinbolikoak eta genero modeloekin duten harremana aztertzea; Oñatiko jaien antolakuntzan eta ekintzetan emakumeen eta gizonen protagonismoa ebaluatzea; herriko jaietan ematen diren genero indarkeria egoerak ezagutu eta aztertzea; herritarrak desiragarria den jai ereduaren inguruko hausnarketan parte hartzea, hauek kontzientziatuz, sentsibilizatuz eta beraien ekarpenak gehituz jai parekide batzuen alde, edota jai berdinzaleen aldeko estrategiak eta ikuspegia bultzatuko dituen ekintzak proposatu eta herritarrekin batera identifikatu.
Udaleko Berdintasun Departamentuak abian duen azterketa honetan herritarren partaidetza oso garrantzitsua da, herritarrak direlako jaiak ospatzen dituztenak baina aldi berean, behatzaile, hau da, ikusle eta datu biltzaile ere izatea nahi delako. Orain arte, herriko jaiekin loturiko dokumentazioa aztertu da, teknikariak elkarrizketatu dira eta hauei eta zinegotziei hainbat formazio eta sentiberatze saio eskaini zaizkie eta jai batzordeko eragileekin ere, gaiaren inguruko eztabaida taldea sortu da. Hurrengo urratsa landa lana da. Hau da, jaietan zuzeneko behaketa egin eta informazioa bertatik bertara jasotzea. Horretarako, herritarrengana jo du Berdintasun Departamentuak eta herritarrak behatzaile, informatzaile izatera gonbidatzen ditu. Bakoitzak nahi, edo ahal duen tarteak baliatuz, jaietako une zehatz edota ekitaldiren bateko datuak jasotzera animatu nahi dira herritarrak. Baina lana metodologia bateratu batez egin behar da eta horretarako, informazioa jasotzeko behaketa-tresna zehaztu da. Tresna hau aurkeztu eta nola bete erakusteko bilera irekia egingo da bihar arratsaldean. Bilera, Euskaldun-berria aretoan egingo da 18.30tan.
Herriko jaien diagnostikoa ahalik eta zabalena izan dadin, ikuspegi anitz txertatu behar dira eta horretarako, ahalik eta herritar gehien inplikatzea nahi da.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!