Gaztelekuko sotoko egitura indartzeko proiektua eskatu du Udalak
Gaztelekuko sotoko egituran azaldu ziren pitzadurek arduradunen arreta eman zuten. Pitzaduretan lekukoak jarri ziren baina horiek apurtu ondoren, laginak egin ziren, hormigoizko habe batzuetako armadura herdoilduta zegoela ikusiz. Armadura babesten duen hormigoia errez askatzen dela ere ikusi da, alegia, ez duela bere lana betetzen. Herdoildurak garbitu eta konpontzeaz gain, egitura indartzeko lanak egin beharko dira eta horretarako oinarri izango den proiektua eskatu zaio Giltzarri arkitektura enpresako Javier Eskubi Ugarteri. Egituraren azterketa egin beharko du eta indartzeko aukerak proposatu. Proiektua idazteko lau asteko epea finkatu da eta 4.658 euroko aurrekontua.
Aste Santutik edo, sotoa itxita dago aipatu gogortze lanak egin bitartean. Egituraren egonkortasuna bermatzeko, sotoko hormigoizko egitura eskoratu du Ugarte eraikuntza enpresak. Lanok urgentziaz egin ziren, Gaztelekuko funtzionamendu normalean ez eragiteko eta eraikinaren egonkortasuna arriskuan ez jartzeko.
Gaztelekuko sotoko egitura indartzeko lanok probestuko dira sotoko espazioak berrantolatzeko. 0 eta 7 urte arteko haurrei eta guraso edo zaintzaileei zuzenduta dago sotoa eta adinaren arabera berezitutako gune ezberdinak eskaintzen ditu. Aurrerantzean ere hala izango da baina litekeena da guneak beste modu batean antolatu eta hornitzea.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!