Gaztelekuko sotoaren egitura egonkortzeko lanak aztergai izango dira gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean
9 puntuko lan zerrenda osatu da gaur arratsaldeko Gobernu Batzarrerako. Orain aste batzuk aurreratu bezala, Gaztelekuko sotoko egitura indartu beharra ikusi da, hormigoizko habe batzuetako armadura herdoildua dagoela eta bere lana egoki egiten ez dutela ikusi baitzen. Lanak egiteko proiektua Javier Eskubi-Giltzarri arkitektura enpresari eskatu zion Udalak, orain, horren araberako obraren esleipen-prozesua martxan jartzea erabaki beharko du gobernu taldeak.
Laster abiatuko dena Usakoko bainu denboraldia da, ofizialki, ekainaren 20an hasiko baita, irailaren 6ra arte. 11 aste horietan sorospen zerbitzua emango duen enpresaren kontratazioaz argibideak emango dira arratsaldeko batzarrean. Hezkidetza egitasmoaz ere berba egingo da, izan ere, Udaleko Berdintasun departamenduak 16 urte daramatza hezkidetza egitasmoa garatzen herriko ikastetxeetan eta honek emandakoa aztertu eta datozen urteetara begirako erronkak aztertu nahi dira ikastetxeetako ordezkariekin elkarlanean. Gogoeta prozesu parte-hartzaile hori gidatu eta burutzeko laguntza teknikoa kontratatzea proposatuko da.
Bestalde, Bizipoza Kultur elkartearekin Oñatin Bizipoza eskola proiektua garatu zedin 2025-2026 ikasturterako sinatu zen lankidetza hitzarmenaren baitan aurkeztu den memoriaren berri emango da gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!