Gazteen emantzipaziorako 31 dirulaguntza eskaera onartu ditu Udalak eta 27.000 euro baino gehiago banatu ditu
2015ean hasi zen Udala gazteen emantzipaziorako dirulaguntzak ematen. 18 eta 35 urte bitarteko gazteei alokairuan duten etxebizitzaren ordainketan laguntzea da helburua. Irakurketa positiboa egin dute udaleko Haur eta Gazteria departamentuko arduradunek aurtengo kanpainan jasotako datuen berri ematerakoan, gazteen eskaera bati erantzuten ari direla eta hauen ongizatean zuzenean eragiten ari direnaren ustean.
27.000 euro baino gehiago banatu dira. Eskaera kopurua nahikoa egonkor mantentzen da; 31 onartu dira, iaz baino 2 gutxiago, baina beste 10 Eusko Jaurlaritzaren Gaztelagun programara bideratzea aurreikusten da, urtea amaitu aurretik. Izan ere, diru sarreren arabera bat edo bestea eskatu behar dute Oñatiko gazteek. Hala, eskatzailearen egoera ekonomikoaren arabera batera edo bestera bideratzen dira, esan bezala. Orokorrean, Gaztelagun programa eta Oñatiko dirulaguntzen artean etxebizitza emantzipazioa lortu duten herriko gazteen kopurua esanguratsua dela azpimarratu da Udaletik.
Bestalde, azken urteetako joerara itzulita, nesken eskaerak mutilenak baino gehiago izan dira 2025ean. Guztira, 25 neskek eta 16 mutilek eskatu dute emantzipazio dirulaguntza. Iaz kontrakoa gertatu zen. Udalak ematen dituen dirulaguntza hauek helburu bikoitza dute: alokairu bidez ohiko etxebizitza lortu nahi duten gazteen gastuak arintzea, emantzipaziorako prozesuan lagunduz, batetik, eta alokairuen prezio altuei aurre egitea, eta ahal den neurrian prezio horietan eragitea, bestetik.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!